Kutxa beltzak
Kutxa beltza hegazkinetan aktibitatearen erregistroa gordetzen duen gailua da, istripu kasuetan ezbeharra eragin duten arrazoiak argitzeko balia daitekeena. Ez naiz bat-batean aeronautikan zaletu; orain gutxi Yanis Varoufakis Greziako Finantza ministro ohiaren azken liburua irakurtzen hasi nintzenean sortu zitzaidan kuriositatea.
Grezia krisi ekonomikotik herritarrak are gehiago kaltetu gabe ateratzeko saiakeran bizi izan zuena kontatzen du. Europar erakundeek, Nazioarteko Diru Funtsak eta Europako Banku Zentralak ezarritako baldintza gogorrek kolpatutako gizarte baten eskakizunei erantzun nahian «troika» izenez ezagutu genuen horrekin negoziaketak zelakoak izan ziren azaltzen du. Eta kontakizun horren abiapuntuan egiten du kutxa beltzekin alderaketa.
Botere maila gorenean direnez ari da Varoufakis, hartzen den erabaki bakoitzaren erantzule diren horiez. Kutxa beltzen funtzionamendua inor gutxirentzat da ezaguna; barruan, ordea, informazio baliotsua gordetzen dute. Metafora horretatik abiatuta, botere «ahalguztidun» horien kutxa beltzak zabaltzeko garaia dela dio ministro ohiak.
Gutako bakoitzaren kutxa beltzetan ere arakatzen du, erakusketa batean ikusitakoa gogoratuz. «Zein da zure beldurrik handiena? Zer nahiko zenuke kontserbatu kosta ahala kosta?», galdetzen zuen egileak. Erantzunik errepikatuena «duintasuna» izan ei zen. Hori eta beste hainbat datozkit burura: leialtasuna, zintzotasuna, inteligentzia, elkartasuna, anbizioa, etorkizuna… Agian, ez da ideia txarra kutxa beltz horiek zabaltzea, txikiak eta handiak, denon tamainako erantzunak bilatzeko.