Arantxa Manterola
Kazetaria
JO PUNTUA

Gu ere ez gara ergelak

Igande eguerdia. Herritik kilometro batzuetara bizi den lehengusinak eta bere semeak agur esan eta etxerako bidea hartu dute. Kuadrillan, potea bukatzen geratu gara. Bost minutu ez dira igaro eta deia jaso dugu, kotxea ez dela martxan jartzen eta ea norbaitek bateriako kablek ba ote dituen.

Neronek izaki, abiatu naiz laguntzera, aspaldi horrelakoak egin gabean, «positiboa positiboarekin zen, ezta?» galdetuta. Hasi gara bada eta bateriaren borne gorrira ez bezala, bestera ezin iritsi; hain dago zokoratuta motor bazterrean... Gidaria (lehengusinaren semea) ere, lotsatu samar, ezinean. «Argibideen liburuxka begiratuko dut,» esan diot.

Horretan ari naizela, hemen datoz kuadrillako gizonak. Pintzak eskutik kendu eta nire azalpenei muzin eginez, «erreskate operazioari» ekin diote. «Eta non ost... dago ba beltza? Kotxe modelo hauek...», batek. «Ez dik axola. Masa egiten dion nonbait jartzak!», besteak. «Horretan ari nauk, baina pintzak ez dik inon heltzen», lehenaren arrapostua. Bitartean ni liburuxkaren marrazkia erakutsi nahian, ditxosozko puntu hori non markatzen duen ikus dezaten. Alferrik! Haiek berean. Azkenean, purrustada bat bota eta behartu ditut hatzaz erakusten ari natzaien puntuari so egitera. Hamar segundoan arrankatu dugu kotxea. Isilik gure «adituak».

Hainbatetan gertatu izan zait antzekorik. Motorra, erreminta bat, tartean delarik, emakumeok ez dugu deus ulertzen, jakina! Egia izan daiteke batzuetan. Baina horretarako daude argibideak. Horrela ekidin izan dut, esaterako, ontzi-garbigailuaren teknikoa ekartzea, ezer egiterik ez zegoenean edota altzairu bat muntatzean hasieran derrigorrez jarri behar zen torlojua ez ahanztea, berriro dena desmuntatu behar ez izateko, e jaunak? Txikitan Meccanon jolastu izanagatik edota motordunak hain gustuko izateagatik, denak injineru edo? Hau ere kulturala da.

Denok −gizon zein emakume− baztertu behar ditugu gure konplexuak. Nagusitasunezko harrokeria, lehenek, eta gutxiagotasun ustea, geuk. Eta apaltasunez, argibideak begiratu. Ze, iragarki ezagun batek dioen moduan, ez gara ergelak, ezta?