Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Mespretxua zer den

Sindikatu abertzaleak ez dira agertuko soldataren genero-arraila bukarazteko gaurko hitzordura» zioen titularrak joan den astean, eta sarreran CCOO sindikatuak (hauxe zeren zale den nabarmendu barik) euskal emakumeak «mespretxatzen» ari direla egotzi diela Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak deituriko bilerari muzin eginez, CCOOk berak, UGTk eta Euskal Enpresarien Konfederakuntzak ez bezala. Bai arduragabeak, ELA eta LAB, eta bai kezkatuak gure gobernua, sindikatu espainolak eta, jakina, hemengo enpresaburuak.

Enpresaburu horien lehendakariak, Roberto Larrañaga jaunak, genero-arraila eta berau akabatzeko bilera eta nor agertu eta nor ez gorabehera, konbentzimendu osoz esan du –eta horixe da larriena, eta horixe bai mespretxatzea– arazo honen sorburua dela emakumeok gaizki aukeratzen ditugula lanbideak, alegia: sektore feminizatuak geuk feminizatzen ditugu, haiek aukeratzeko joerari uzten ez diogulako; lan-baldintza prekarioak ditugu prekarietatea nagusi den ogibideak hartzen ditugulako; goi-mailako espezializazioa eta erantzukizunak eta goi-mailako den guztia, oro har, bazterrera botatzen ditugu familia eta amatasuna-eta lehenesten ditugulako… eta horretan guztian, ezta askok eta askok egon badagoela onartu baina beren enpresetan ikusi benetan sekula ikusi ez dutela dioten genero-arrailan ere, euskal enpresariek ez omen dute inolako erantzukizunik, enpresak eta enpresa-mundu osoa goitik behera (hitzez hitz) antolatzen dituztenek, hain zuzen.

Parean halako solaskidea izanda plantak egiteari uko egin beharrean, Eusko Jaurlaritzak –benetan egin nahi baldin badu egiteko boterea duenak, eta berariazko politikak, enpresetarako eskakizun zein arau zehatzak, haiek benetan betetzen direla egiaztatzeko neurriak eta abarrak egiten hasia beharko lukeenak, horretarako da-eta Euskal Herriko alde honetako herritar emakumezko guztion gobernua ere– patxadatsu segitzen du bilerak antolatzen, genero-arrailari dagokionez egoeraren diagnosia egiteko, dagoeneko jakina den egoerarena, genero-arraila izatearen errua emakumeoi geuri egozten digutenekin eta sindikatu plantozale barik bilerazale amorratuekin.

Sistema osoa bera, aberastasunaren banaketa, langileriaren eskubideak eta duintasuna, oinarriko eta sakoneko androzentrismoa eta berezko duen matxismo basatia… benetako mamia eta funtsa, gauzak benetan aldatzeko borroka, zama hori, inori iruzur ez egiteko hautua egiten dutenen, egiten dugunon, bizkar utzita.