Xabier Zarandona
GAURKOA

10 hilabete Gogora-ren panfleto baten zain

Laurogei urte baino gehiago igaro behar izan dira Zornotzako Udalak gerra zibilean fusilaturik hil zituzten herritarrak izen-abizendun biktima legez aitortu ditzan. Aipamenik, oroimenik ere ez, frontean hildakoez, kartzelatuez edo erbesteratuen biografiaz. Orain arteko anonimotasunean jarraitu behar dutela erabaki du udalbatzak. Adierazpen aseptikoa, auzokide baten etxeko teilatuaren berriztapen baimena onartuko balitz bezala. Udalbatzak biktima denak errekonozitu ditu eta kito! Zinegotzietako baten bati interesatzen zaio ba, Aita Roman Urtiaga gerra zibilean fusilatu zuten azken erlijiosoa izatea? Edota gerra zibileko biktimei omenaldiak egiteko Jaurlaritzaren Memoria Historikoaren arloko 2015-2016ko Lehentasunen Programa ez dela sekula bete herri honetan eta entzungor eta eraso egin zaiela biktimei? Gogora erakundeari ere ez. Ezta Bilboko egoitzara joan eta erregistrotik sartutako eskaerekin ere. Zornotzak ez du Gernikako bonbardaketa ekitaldiaren glamour eta prentsa oihartzunik. Legedi administratiboa jarraitu beharko lukeen erakundea da Gogora, baina hamar hilabete luze hartu zituzten errekonozimenduaren ardura Udalari leporatzeko. Udalak ere berdina zioen, ardura Gogorarena zela. Gogorari bost ordea, Zornotzan gerra zibileko biktimei omenaldiak egiten hasi zirela, gerrako biktimak zeintzuk diren jakin gabe, horrek kaltetuekiko erakusten duen desinteresarekin. Biktimen aipamenik ez erantzunean, ez igorlearen izenik ezta datarik ere.

Bi mila eta hamazazpiko otsailean joan nintzen Gogoraren Bilboko eraikinera. Artxibategian galdetu nuen lehenengo birraitona Bonifaciori buruz, dokumentazioa bilatzeko gai ziren edo gogorik bazuten jakiteko, Salamancako paperak bertan omen daudela diotelako. Sorpresarik ez. Ezezkoetara ohituta nengoen jada, ordurako Sabino Arana Fundazioan birritan esan zidatelako gure birraitona ez zela EAJko kide izan. Baina, Salamancako artxibategian konfirmatuta neukan EAJko kide izan zela eta “Euzkadi” egunkariko kroniketan irakurrita nuen Etxanoko EAJko lehendakaria izan zela 1936an. Boisetik bueltan etorrita, «Amerika» Euskal Herrian zela zioen, Etxanoko bideak sortzeko eta Zornotzako Karmeldarren eskolako teilatuaren lanak egiteko ardurak hartutako aita alarguna. Horretaz gain, udalbatzako zinegotzia zen Errepublika garaian, Etxanoko Uri Muetalarien batzordekidea eta EAJko Gudarostearen Herriko Defensa Batzordeko kide ere bazen (nazionalen bandokoen aurkako errepresalien prebentziorako arduraduna). Zamudioko bonbardaketan hil zen Etxanoko EAJko lehenengo lehendakari izandako anaia Eusebioren hiletatik ateratzen ari zela harrapatu zituzten guardia zibilek bera eta bere arrebak, Brigida eta Zornotzako Emakume Abertzale Batzeko kide zen Isabel. Hirurak Larrinagara, andreak beranduago Saturraranera. Larrinagako kartzelatik alaba Mireni bidalitako eskutitzetan, inori minik eman ez ziola errepikatzen zuen eta orduko Lemoako alkateak Lemoako zenbait aberkide kartzelatik libratzeko gestio eraginkorrak egin zituela entzunda, aske ateratzeko esperantza zuen. 1937an fusilatu ondoren, 1941ean, bere heriotza zigorrari, garai hartako 500 pezetako isuna ezarri zion Erantzukizun Politikoetako epaitegiak, Lauaxetari gertatu bezala. Garai hartako urteko baserri baten errenta 250 pezetakoa zen.

Harrapatu ez zutena anaia gazteena izan zen. Kepa, olerkaria eta izparlaria zen Aita Lontzi karmeldarra. “Ekin” aldizkarian idazten zuen, Jaungoiko zale bazkunaren kide, Gabirel Manterola eta Zirilo Arzubiagaren esanetara. Bizkaian, euskarazko aldizkarien aitzindariak ziren Larrako karmeldarrak. Anai-arrebak atxilotu orduko Agenen zen. Karmeldarren artean Agenekoetako bat bezala ezaguna. Bertatik karmeldarren ordenako jeneralari idatzi zioten, Euskal Herrian erlijioaren izenean Euzkadiren aurka egiten ari ziren sarraskia salatuz. Kepak, Aita Saindu Pio XI.ari ere idatzi zion, karmeldarren, euskaldunen eta bere anai-arreben aurkako jazarpena azalduz. Kepa Valparaisoko klinika baten hil zen, diabetesak jota, Espainiako Justizia Ministerioko gai erlijiosoetako arduradunak aginduta, Txilera bidali zutelako karmeldar agintariek erbesteratu erlijioso moduan. Euskarazko literaturaren berrogeiko hamarkada antzuko idazleetako bat izan zen. Bi olerki liburu argitaratu zituen eta beste 4 liburu argitaratzeko geratu ziren, Lino Akesoloren arabera. Bilboko kaleetan “Jagi-Jagi”-ko banatzaile izandako eta Santi Zarranz Santiagoko Euskal Etxeko lehendakariaren bizilagun zen Juan P. Mentxakak editatu zizkion liburuak, bere inprentan editatzen baitzen Txileko “Euzkadi” aldizkaria.

Txileraino joan behar izan dut, Santiagoko Euskal Etxeko Pedro Oyanguren lehendakariak emandako dokumentazioan Kepa Ormaetxe Valparaisoko Euskal Etxeko lehenengo euskara irakaslea izan zela jakiteko. Kepak berak bedeinkatu zuen, gerratik ihes egindako euskaldunentzako topaleku zen Valparaisoko Euskal Etxea. Txilera joan aurretik konfirmatuta neukan “Euzkadi” aldizkarian idazten zuela Kepak, amama Mirenek esan bezala. Txileko “Euzkadi” aldizkariko lehen aleko azalean idatzi zuen, Agirre lehendakariaren eta Sabino Aranaren testuen artean. Sabino Arana Fundazioko artxibategian, beste behin ere, ezezko erantzuna jaso nuen. Ez omen dakite nor den «Ormaetxetar bat».

Laurogei urte luzeren ondoren, jasandakoak jasanda, gure familiak, Memoria Historikoaren Legearen betekizunarekin ez du atzerapausorik emango. Bere kideen artean fusilatu bat, bonbardaketan hildako bat, kartzelatutako emakume bi eta erbesteratu erlijioso bat duen familia oso bati, gertatutakoak gertatuta, egin behar zaion errekonozimendu instituzionala, martxoko ostiral goiz batean, udal bilkuran irakurritako adierazpen aseptiko bat bada, sobera daude Zornotzako Udala eta Gogora. Ez bien artean ez direlako gai izan Jaurlaritzaren Memoria Historikoaren arloko 2015-2016ko Lehentasunen Programa eta Memoria Historikoaren Legea betearazteko, baizik eta gogorik ez dutela nabarmen erakusten ari direlako.