1980an
Ondo gogoan dut 1980ko maiatzaren 14ko arratsaldea. Martin Zabaleta eta Pasang Temba Everesten gorago ezin segitu eta ikurrina eta eta beste ikur batzuk jarri zituztenekoa. Ezin segitu, mendia bukatu zitzaielako, jakina. Ikur haietako bat nuklearren aurkakoa zen, eta beste bat euskal erakunde armatu baten anagrama zen (ala erakunde erlijiosoa, ETBko lagunok eta sailburu jauna? Mendi elkarte armatua akaso...?).
Orduan ez nion erreparatu hedabide espainiarrek albisteari emandako tratamenduari; ondoren irakurri dudanez, hutsaren hurrengoa izan zen, eta hasieran zerbait esan zutenek «munduko sabaiak espainiar kolorea du» moduko tituluak eskaini zituzten.
Xabier Erro zendu berriak 2015ean “Argia” aldizkariarekin solasean garaipen politikotzat jo zuen espedizio hura, eta Euskal Herri osoko udal ugarik diruz lagundu izanak «benetako naziotasun izaera» eman ziola zioen. «Nafarroako Erriberako udal askok ez ezik, Ipar Euskal Herriko udal askok ere bai». Garai hartan PSNk inguru hartako udal asko gobernatzen zituela pentsatu baduzu, oker zaude, irakurle. Bat ere ez. Erriberan indarra zuen alderdia PSE zen, Partido Socialista de Euskadi, alegia, autodeterminazioaren alde agertu izan zena. PSN 1982an sortuko zen.
Xabier Erro ez zen zerua kolorez janzten hasi berria; izan ere, 1974an Aconcaguako gailurra zapaldu zuen lehen nafarra izanda, bandera bat paratu zuen bertan, baina ez espainiarra, hain justu.
1980an gauza gehiago gertatu ziren, ni soldadutzara joan arte, behinik behin, baina orain herri honen askatasun nahia lau haizetara zabaldu zuen nafar bipil hura gogoan izateko momentua da.