Andoni ARABAOLAZA
PATAGONIA

Cerro Riso Patronen «era garbian» jokatu dute

Silvan Schupbach suitzarrak eta Matteo Della Bordella italiarrak izotzezko zein mistoko bide berria zabaldu berri dute: «King Kong». Proposamena 900 metro luze da, eta honako zailtasunak ditu: M7+ eta 90º. Sokada honek hego tontorraren lehen igoera erdietsi du.

Txileko zein Argentinako Patagoniako ohiko denboraldian egin diren jarduera azpimarragarriei dagokienez, lasai asko esan dezakegu oso “lehorra” izan dela. Azken urteotan ez bezala, eguraldia ez dute lagun izan. Eta, jakina, horrek guztiak aipatu dugun emaitzan eragin zuzena izan du.

Alabaina, jarduera bat erreskatatzeko aukera izan dugu, eta hori Silvan Schupbach suitzarrari eta Matteo Della Bordella italiarrari zor diegu.

Sokada honek Patagoniako ohiko mendilerroetan ez dagoen helburu bat aukeratu zuen: Cerro Riso Patron. Mendi hori urrutiko leku batean dago; horrekin esan nahi dugu sona handia duten Fitz Roy, Paineko Dorreak edo Cerro Torreko mendilerroetatik urrun dagoela.

Jakina, Cerro Riso Patronek bisita gutxi izan ditu; bakan batzuk besterik ez. Adibide gisa aurreratu behar dugu mendiaren tontor nagusiak bi igoera soilik izan dituela. Lehena, Ferrari eta enparauek 1988. urtean sinatu zutena. Eta bigarrena, Lise Billon, Antoine Moineville, Diego Simari eta Jerome Sullivanek duela hiru urte egin zutena. Jarduera horri esker Frantziako Urrezko Pioleta jaso zuten.

Bada, Schupbachek eta Della Bordellak ere Cerro Riso Patron helburu izan dute. Baina eskalatzaileok, beste protagonistek ez bezala, hego tontorra aukeratu eta haren lehen igoera egin dute. Protagonistek aurreratu dute “era garbian” edo “bitarteko garbiekin” jardun nahi izan zutela. Eta horretarako mendiaren kanpalekura heltzeko kayakak erabili zituzten. Puerto Edenetik irten ziren, eta 22 egunez autonomia osoz jardun zuten.

Eskaladari dagokionez, baldintza oso kaskarrak izan zituzten. Pareta izotzarekin zein antzigarrarekin erabat estalita zegoen, eta, antza denez, egoera hori ikusita agerikoa den marra bat eskalatu zuten; hormaren eskuinaldean dagoena. Lehen sekzioak mistokoak dira, ondoren elurrezko aldatsak igo zituzten eta amaieran izotzean oso tenteak diren tarte batzuk.

Sokadak onartu duenez, eskalada ez da muturrekoa izan: «Bi luze gogor gainditu behar izan genituen, baina jarduera honetan zailtasunak ez du benetako garrantzirik izan. Urrutiko mendi batean jardun dugu, eta hango giroak harrapatu gintuen. Abentura zein eskarmentu handia izan da: ahaztezina!».

Egun bateko eskaladan “King Kong” sortu zuten. 900 metro luze da, eta honako zailtasunak ditu: M7+ eta 90°. Jaitsieran bibaka egin, eta beste bost egun behar izan zituzten Puerto Edenera itzultzeko. Protagonistek onartu dute itzulera gogorra izan zela oso; izan ere, haizea kontra izan zuten.

Horiek dira Schupbachek eta Della Bordellak Cerro Riso Patron mendian eginiko jardueraren lerroburu nagusiak. Hurrengo kronikan Della Bordellak berak Patagoniako mendi horretan bizi izan duten eskarmentuaren berri emango digu.

Cerro Riso Patron

«Iragan otsailaren eta martxoaren artean, Silvan eta biok Patagoniako eremu bakarti batean 22 egunez izan gara. Geure helburua Cerro Riso Patron zen. Espedizio honetarako ‘by fair means’ [bitarteko garbiak] bezala ezagutzen den estiloa aukeratu genuen. Mendira hurbiltzeko, beraz, kayakak erabili genituen. Puerto Edenetik irten ginen, Txileko fiordo batean dagoen herri horretatik. Kanpalekua altxatzeko lekua, berriz, 100 kilometrora zegoen.

»Otsailaren 10ean, herri horretatik irten ginen. 30 eguneko espedizioa izango zenez, kayakak topera zeuden. Zorionez, itsasoaren baldintza egokiei esker, Falcon izeneko fiordoan antolatu genuen kanpalekura azkar heldu ginen. Hiru egunetan, hain zuzen ere.

»Iritsi bezain laster, biok ala biok onartu behar dugu pixka bat behea jo genuela. Cerro Riso Patron igotzeko erabat motibatuta geunden. Bai, baina gure aurrean zegoen paisaiarekin ezusteko handia hartu genuen. Bazirudien handik tsunami bat igaro zela, inguru guztia suntsituta zegoelako.

»Jakin bagenekien Cerro Riso Patron igotzeak asko eskatuko zigula. Hori, bederen, mendian egon diren alpinista bakanek onartu ziguten. Ez genuen denbora galdu nahi, eta lehenik eta behin ingurua esploratzen hasi ginen.

»Hasteko eta behin, ur emari handia eta hotza zeraman ibai bat zeharkatu behar izan genuen. Glaziar batek sortutako laku batetik jaiotzen zen, eta komeriak izan genituen hura zeharkatzeko. Erabaki akrobatikoa hartu genuen, eta, tirolina bat antolatu ondoren, tresneria guztia garraiatu genuen.

»Otsailaren 15ean, azkenik, kanpaleku aurreratua atontzeko gai izan ginen; paretaren oinarritik ordu eta erdira zegoen. Den-dena pronto zegoen. Gure aurrean Cerro Riso Patron zegoen; hain zuzen ere, haren hego-mendebaldeko aurpegia. Eta, aurreratu dudan bezala, geure xedea mendiaren hego tontorra zen.

»Eguraldiak laguntzen ez zuenez, denbora luze egin genuen estrategia eta marra ezberdinak aztertzen. Kanpaleku aurreratuan, pazientzia handiz, azken ekaitza noiz pasako ote zen zain egon ginen.

»Jakina, hormatzarra ez zegoen baldintza onenetan, eguraldi kaskar horren ondorioz izotza, antzigarra eta elurrarekin estalita baitzegoen. Uste dugu aukeratutako bidea agerikoena dela; guk, bederen, baldintza horiek ikusita pioletekin eta kranpoiekin eskalatu nahi genuen.

»Lehen 300 metroak ez dira zailak. Baina hauek gainditu ondoren, luze gogor bati egin behar izan genion aurre. 25 metrokoa zen, tentea eta arroka onean. Dry-tooling-eko luze zaila izan zen, eta hura gainditzeak ordubete baino gehiago eskatu zigun. Ondoren, gure erritmoa bizkortu egin zen. Mistoko zein izotzezko luzeak ziren, baina ez oso zailak. Elur zelai batera iritsi ginen. Hura zeharkatu eta murruaren azken sekzioak eskalatzea falta zitzaigun. Pareta hori erabat izoztuta zegoen. Aldatsak tenteak ziren oso (90°), eta onartu behar dugu azken luze horiek oso zirraragarriak izan zirela.

»Arratsaldeko 8.30ean gailurrean ginen. 12 orduko eskalada izan zen. Mendiaren hego tontorraren lehen igoera zen; aurrean genituen ikuspegien eta natura basatiaren aurrean txiki sentitu ginen.

»Gauak harrapatu eta gailurrean zegoen elurrezko perretxikoaren azpian, koba batean, bibaka antolatu genuen. Biharamunean kanpalekura iritsi bezain laster, ingurumari hartan bide berri eta zailak igotzeko zeuden aukerak aztertu genituen. Hala ere, eguraldia oso kaskarra zen, eta etxera itzultzea erabaki genuen.

»Onartu behar dugu itzulera hori ez zela batere erosoa izan. Abentura handia izan zen, besteak beste, haizea kontra genuelako. Zorionez, Puerto Edenera iritsi baino egun bat lehenago, haizea baretu eta gozatzeko aukera izan genuen.

»Bideari ‘King Kong’ deitu diogu, 1974. urtean Cerro Torre lehen aldiz igo zuten lau eskalatzaileetako baten, Daniele Chiapparen, omenez. Nahiz eta ez ezagutu, guk bezala Cerro Riso Patronekin amestu zuen».