Iratxe Esnaola
Hezkuntzan doktorea
JO PUNTUA

Balio ekonomikoa eta pribatutasunaren balioa

Laurogeita zazpi milioi erabiltzaileren datuak Cambridge Analytica enpresaren eskuetara iristeagatik, Facebook bere historiako garairik ilunena bizitzen ari da. Neurria ere jarri zaio: bere balio ekonomikoaren %10 galdu omen zuen (50 mila milioi baino gehiago), albistea argitara eman zenean. Herenegun, Mark Zuckerberg-ek AEBetako Senatuaren aurrean adierazpenak egin zituen. Gertatutako guztiaren ardura bere gain hartu zuen. Eta adierazpen horien ondotik, Facebooken akzioen kotizazioa %4,5 igo zen.

Datu pertsonalen balio ekonomikoa gero eta indar handiagoa hartzen ari den auzia da. EBn maiatzean indarrean sartuko den datuen babeserako lege berriaren oinarrietako bat ere, datu pertsonalen balio ekonomikoa da. Kasu askotan, europarren datu pertsonalak ustiatuz balio ekonomikoa lortzen duten enpresak europarrak ez direlako, hain zuzen.

Nabaria da Facebook, Google eta erabiltzaileen datuak masiboki biltzeko doako zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresek balio ekonomiko handia dutela. Erabiltzaile ikuspuntutik, ordea, gure datu pertsonalek balio ekonomikorik ez dutelako ustea oso zabaldua dago. Zenbat balio dezake nire argazki batek? Facebookeko “lagun” baten argazkian “datsegit” emateak? Ezer ez, antza.

Hori esaten zidaten, aste honetan, Gipuzkoako herri txiki bateko institutu publikoko 13-14 urteko gaztetxoek: euren argazki eta “datsegit”-ek ez zutela ezer balio. Eta, berez, arrazoi dute: pertsona baten argazki batek ez du ezer balio. Milioika pertsonaren argazkiek ordea, bai. Datuek baino, datu horien prozesamenduak baitu balio ekonomikoa.

Smartphone eta sare sozialak tarteko, publikotasunaren eta pribatutasunaren arteko muga oso lausoa da gaztetxoentzat. Baita hain gaztetxo ez diren askorentzat ere. Kezkagarria da: jakintzaren jendartearen gaitza ez baita herritarren datu pertsonalek sortzen duten (edo ez duten) balio ekonomikoa, herritarrek pribatutasunaren balioa erabat galtzea baizik.