Haritz LARRAÑAGA
uRRUÑA

Haranburu, Esnal eta Parot anaien askatasuna eskatzeko elkarretaratzeak Lapurdiko biribilguneetan

Bagoaz kolektiboak deituta Lapurdiko hamar errotonda esanguratsuetan elkarretaratzeak egingo dituzte bihar, 28 urteko espetxealdia gainditu duten Xistor Haranburu, Jakes Esnal zein Ion eta Unai Parot anaien askatasuna eskatzeko. Horrez gain, ekainaren 16an mobilizazio handi bat egingo dutela iragarri zuen Bagoaz kolektiboak.

Unai Paroten kasuan, 40 urteko espetxe zigorra ezarri zion Auzitegi Goren espainolak. Beste hiru presoen kasuan ostera, Parisko auzitegiak biziarteko espetxe zigorra ezarri zien. Ordea, Estatu frantseseko espetxeetan diren euskal presoek, frantses legediaren arabera, baldintzapeko askatasuna eskatzeko «eskubide osoa» dutela adierazi zuten Bagoazeko kideek.

Izan ere, modu irmoan giltzapetuta bete behar zuten 18 urteko zigor epea (15 urte Ion Paroten kasuan), «aspaldi» agortu zutela adierazi zuen Emilie Martin Bagoazeko bozeramaileak, eta zera gaineratu zuen, «baldintzapeko askatasuna onartua izateko bete behar diren baldintza guztiak betetzen dituzte».

Ion Parotek pasa den otsailaren amaieran jaso zuen azken ezezkoa. Guztira bost bider ukatu diote euskal presoari baldintzapeko askatasuna. Epaileek ezezkoa emateko aurkezten duten argudio nagusia da bere askatasunak «ordena publikoan eragina» izan dezakeela.

Hamar elkarretaratze

Aranburu, Esnal eta Parot anaien egoera salatzeko hamar elkarretaratze egingo dituzte bihar goizeko hamaiketan Lapurdiko leku esanguratsuetan. Horrela, Baiona, Angelu, Biarritz, Bidarte, Getaria eta Donibane Lohizune artean diren errotonda, bidegurutze eta toki ikusgarrienak hautatu dituzte, aipatu presoek espetxean «egun bat gehiago ez» dutela egin behar aldarrikatzeko.

«Norbanakoen eskubideak urratuko ez dituen justizia bat aldarrikatzen» du Bagoazek, eta alde horretatik, Haranburu, Esnal eta Parot anaien eta «haien egoera berean aurkitzen diren beste presoen askatasuna eskatzeko» mobilizazio handi bat egingo dute ekainaren 16an.