Amagoia Mujika
Kazetaria
IKUSMIRA

Zein zaindu, zein uxatu

Beldurra nien txakurrei. Beldurra diet. Beldurrik ez izateko agintzen zidan aitonak, txakurrak sumatu egiten duela beldurra eta laineza hartzen duela kikiltzen denaren parean. «Uniformedunekin ere antzeko parecido», esan ohi zuen. Baserriko ataritik maiz-maiz pasatzen ziren uniforme berdekoak patrol zaratatsuetan. Tente jartzen zen aitona atariko aulkian, «buenas tardes». Kontatzen zidan ni jaio aurretik oinez egiten zutela erronda, baserritik baserrira. Amonak lapikoko kafea ateratzen ziela atarira. Lagunak ote ziren galdetzen nion nik. «Lagunak ez. Baina etsaiak ez izaten saiatzen ginen».

Txakurrena gai errepikakorra izan zen nire ume garaian. Gauza gogorra da baserri inguruan hazi eta txakurrei beldurra izatea. Ez nuen ezer ulertzen. Txakurrak baserria zaindu behar zuen, lapurrak beldurtu eta uxatu eta, niri, berriz, hari beldurrik ez izateko agintzen zidaten. «Zu etxekoa zara. Txakurrak etxekoa zaintzen du eta kanpokoa uxatu». Horrela pasatu nuen haurtzaroa, txakurtzar hura ni ere etxekoa nintzela konbentzitu nahian. Gainontzekoei segurtasuna ematen zien eta niri, disimulatu beharreko larritasuna.

Zaila egiten zait ulertzea, baina badira polizia ikusi eta lasaitzen direnak; zainduak eta seguru sentitzen omen dira. Polizia bere sentitzen dute, harrotasun zelebre batekin, eta haren aldeko manifestazioak ere egiten dituzte, Iruñean duela gutxi. Hala ere, nik gehiago ezagutzen ditut polizia ikusi eta larritzen direnak.

Nire burutazioetan sartuta, salto egin dut espaloian parez pare datorren txakurra hurbildu zaidanean. «Lasai, neska, ez du ezer egiten». Nazkatu naiz lelo horrekin. Zeini ez dio ezer egiten?