Beñat Zaldua
Kazetaria
IKUSMIRA

Indarkeria aldagarria

Ez dira gutxi bederatzi urte kartzelan. Hitzek hutsaren hurrengoa balio duten ordu honetan, ez dezagun behintzat errealitate gordina ahaztu. Populismo zigortzailearen malda irristakorra da eta konturatu aurretik mendeku bila topa dezakegu geure burua, hainbestetan kritikatu dugun lekuan. Ez da hori nik behintzat amesten dudan justizia; ederki azaldu zuten Salhaketako lagunek abenduan argitaratutako artikuluan. Hori bai, Guardia Zibila tarteko, ongi dakigu bederatzi urte horiek gutxiago izanen direla.

Hori esanda, atzo ezagutu genuen sententzia etsigarrian kartzela zigorraren tamaina gutxienekoa da. Sententziak berak indarkeria izkina guztietan agerian uzten duen egoera bat deskribatu eta gero, bortizkeria eta intimidazioa ukatzen dituen epaia irakurtzea da jasanezina egiten dena. Alegia, bortxatutako emakumeak protestatu ezean, bortizkeriarik ez dagoela irakurtzea. Are gehiago, zakila aluan baimenik gabe sartzea ez dela, bere horretan, ekintza biolento bat. Benetan?

Altsasuko kasuarekin konparazioa saihetsezina da, baina ez zigorraren tamainarengatik, legea interpretatzen dutenentzat biolentzia hitzak zer esan nahi duen gogora ekartzen duelako baizik: ezer ez. Arerio denaren kontra erabiltzeko arma baino ez da, lagunekin desagertzen dena. Edo sinistu behar dugu Altsasun orkatila apurtu baten ordez bortxatutako bi guardia zibil bagenitu epaia atzo ezagutu genuena bezalakoa izanen zela? Ez, Espainiako zigor kode negargarriak intimitate sexualaren kontrako erasoak ere terrorismo izan daitezkeela esaten du. Arazoa hemen ez da berez gogorregia den zigor kodea, bere letra idatzi eta aplikatzen dutenak baizik.