Ane Urkiri
Kazetaria
IKUSMIRA

Informaziotik ihesi

Teknologiaren aro moderno honetan, lo hartu baino minutu batzuk lehenago eta itzartu bezain laster Twitter edo posta elektronikoak bereganatzen nau. Ziur naiz ez naizela errutina hau duen bakarra. Etxeko lau pareten artean, jai orduetan, zaildu egiten dira deskantsatzeko aukerak. Kontraesana badirudi ere, posible da etxean kalean baino gehiago nekatzea.

Burmuinaren atsedenaz mintzo naiz. Informazioa eskura eta segundoero daukagun gaurkotasun honetan, etxean tresna aunitz ditugu tranpan erortzeko; sare sozial zein posta elektronikoan etengabe aritzeko, alegia. Informazioak gainezka egiten digu, ez du jaiegunez ulertzen.

Kontziente naiz askotan taberna zuloetan –edo hauen terrazaren batean– ematen ditugula ordu asko, etxetik ihesi, informaziotik ihesi. Baina zein beharrezkoak diren mugikorra edo tresna elektronikoak alde batera uztea errazten dizkiguten une horiek. Izan gaueko ordu txikiak edo egun argiz. Izan txikitako lagunekin edo orain bi urte ezagututakoekin. Izan bi ordu soil edo sei ordu handi.

Errealitateaz, gertukoaz mintzatzea; ezagutzea, eztabaidatzea –solasaldi ororen pizgarri–; non zauden eta zein zaren argitzen dizuten horiekin. Aholkuz beterik, alde batetik zein bestetik. Ondoren, astelehena heltzean, egunerokora indarberrituta itzultzeko. Kazetarion informazioaren zurrunbilora gogoz bueltatzeko. Droga bat balitz bezala ezin baitiogu denbora askorako iskin egin (era batean edo bestean, horregatik aukeratzen dugu kazetaritza bera).

Eskerrak badauden bizitza lanarekin lotuta egotea baino zerbait gehiago dela gogorarazten dizkiguten igandeak.