Andoni Olariaga
Filosofoa eta Iratzar Fundazioko kidea
GAURKOA

Belaunaldi berriak, metafora berriak (eta II)

Aurreko artikuluan ezker abertzalearen hipotesi estrategikoa (independentzia eta sozialismoa) eta herritartasunaren subjektua (Pueblo Trabajador Vasco) eguneratu beharraz aritu nintzen. Batetik, Euskal Herri Langileak (EHL) hainbat korapilori (herritartasunaren faktore objektibo eta subjektiboak, askapen estrategiaren subjektua…) formulazio bakarrarekin erantzun nahi zien. Batzuek eztabaida garaiko testuen interpretazio zuzenera eraman nahi baldin badute ere (pentsamendua garatzen eta aldatzen doala ahazten dute, eta nahiago dute testuak kanonizatu eta interpretazio zuzenaren eztabaidara mugatu), ziur esan daitekeen bakarra da ez dagoela EHLren interpretazio bakarra eta koherentea egiterik. Dena den, denboraren poderioz herritartasuna ulertzeko konponente demokratikoa eta soziala hobetsi dela baieztatu daiteke. Hipotesi estrategikoari dagokionez, gaur egungo proiektu eraldatzaileek alde biko txanponaren metafora baino, aldeanitzeko poliedro gisa ulertzen dute subiranotasunaren aldarria. Bi zutabe horien gainean, ezker abertzalearen estrategia eta taktika zizelkatu duten hiru metafora nagusi aipatu nituen aurrekoan, garatu gabe: Maltzaga, jarrón roto eta aldebikotasuna edo akzio errepresio estrategia. Subjektu politikoa, lurraldetasuna eta estrategia-taktika, hurrenez hurren.

Lehenik, aurreko ziklo politikoan Maltzagak independentziarako lehen pausu gisa abertzaleen arteko batasuna proposatu du subjektu gisa. Telesforo Monzonek aldarrikatu zuenez, “gerokoak geroko utzi, orain, goazen abertzale guztiok batera Maltzagara”. Txibertako saiakera eta 1998ko Lizarrako akordioa aipa daitezke paradigma horren gertaera nagusi gisa. Gaur egun eztabaida eta zarata handia dago gai horrekin: ardatz sozial hutsa aldarrikatzen dute batzuek, besteek Maltzaga birpentsatzea, bestetzuek dena gaindituko duen artikulazio populista bat. Batak zein bestek arriskua du debate horretan dilema faltsuak proposatzeko: alegia, ardatz soziala versus nazionala, ardatz herritarra versus eliteena. Dilema gisa planteatzea ez da egokia inongo eztabaidaren abiapuntu izateko. Izan ere, abertzaletasuna –ezkerra, mugimendu herritarrak– alderdi politikoak binomioak eta ardatzak elkarloturik daude teorian zein praktikan. Horrez gain, aktore politiko bat aldez aurretik ekuaziotik eliminatzearekin ez zaio beto eskubidea kentzen. Beraz, formulazioak ezin daitezke zuri edo beltz izan, saretze konplexuagoak eskatzen dituzte. Maltzagaren metafora agortuta dago, ziur aski, baina ez hainbeste edukiagatik, belaunaldi berrientzako ez delako erreferentzia baliagarria baizik.

Horri lotua egon da lurraldetasunaren korapiloa askatzen zuen bigarren metafora, jarrón roto izenez ezaguna. Erritmo eta taktika desberdinetako lurralde estrategiei dimentsio orokorra emanez, helburua estatuek hautsitakoa demokratikoki batzea zen. Horrez gain, lurralde zatiketa estatuen inposizioa izan dela gogorarazten digu. Lurralde estrategia (jarroiaren birkonposizioa lehenetsi) eta paradigma juridiko-politiko bat (autodeterminazio eskubidearena) izan ditu bidaia-lagun. Horietan oinarrituta, proposamen taktikoek aldez aurretik definitutako nazioa birkonposatzea hobetsi dute, autodeterminazio eskubidea aldarrikatuz (horren adibide, KAS alternatiba, 1991ko autonomia estatutu proposamena, 2007ko Anaitasunako proposamena...). Estrategia argia zen: batu ditzagun lehenengo estatuek indarrez banatutako puskak, “denok ala inor ez”. Funtsean, estatuek inposatutako zatiketa estatuek beraiek desegitea helburu, horiei beto eskubidea ematen zitzaien nolabait, zatiketa administratiboa desagertzeak jendearen zatiketa mentalak gaindituko zituela pentsatuz ere nolabait.

Ikuspegi estrategiko baliozkoa izan arren, ikuspegi taktikoei lotua ulertuz gero agortua dago: autodeterminazio eskubidearen paradigmatik erabakitze eskubidearen paradigmara pasa gara eta. Funtsean, erabakitze eskubidea autodeterminazio eskubidearen garapena da, eraldatzaileagoa eta demokratikoagoa: edozein eskaria politikori, estatu bat barne, bide emateko formula edo markoa. Jaume Lopezek dio eskubide horren laugarren fasean gaudela: lehenengoan, XVII. mendeko Westfaliako bake tratatuaren ondorioz estatu-nazioen sorrera eta integritate territorialaren printzipioa nagusitu denean gertatu da; bigarrenean, II. Mundu Gerraz geroztik europarrek kolonizatutako herriek hartu dute protagonismoa; hirugarrenean, XX. mendeko estatu gabeko nazio batzuek aldarrikatuko dute autodeterminazio eskubidea; eta azkenik, gaur egun, baldintza demokratikoak betetzen dituen edozein demos da protagonista (Kataluniak irekitako paradigma litzateke azken hau). Azken horrek ez luke autodeterminazio eskubidea baztertuko, integratu baizik. Egia da oraindik ez dagoela inongo legetan idatzia: ez legoke gaizki gogoratzea legea borroka eta mobilizazio ziklo arrakastatsuen ondoren etorri ohi dela, ez alderantziz. Ez da aukera txarra, beraz, gure edukiz bete eta praktika eta metodologia demokratiko erradikal bat legez janzteko.

Erabakitze eskubidearen paradigmak birkonposizioren estrategia hobetsi beharrean (estatuari beto eskubidea emanez), egungo egituretatik abiatuta estatugintza abiatzea planteatzen du: ez da aldez aurretiko pausu bat jartzen kondiziotzat eta modu burujabean gauzatuko diren prozesu eratzaileak martxan jartzea aldarrikatzen du. Beraz, paradigma berria aurrekoaren garapen eta egokitzapen bezala ulertu behar da. Lurraldetasun estrategia aldaketaren arrazoia estrategikoa edo funtzionala da, indar korrelazioek ezinezko egiten dute batasuna abiapuntu hartzea: ez du funtzionatzen lurralde batasuna abiapuntutzat hartzeak bidearen lorpenak bidearen hasieran jartzen baikaitu, bidea bera ezinezko eginez. Ikuspegi horren aldaketak ahalbidetu du ere, hiru lurraldeetan egitura propioak izatea, Euskal Herriarentzako historikoa den egoera.

Aurreko bi metaforek aldebiko estrategia bat behar zuten, estatutu bat estatuarekin adostu behar zelako jarroia berrosatzeko, akzio-errepresio dinamika bat, hain zuzen. Horrek estatuaren deslegitimazio progresiboa ekarriko zukeen, mobilizazio permanentea, eta herritarren kontzientzia hartze gero eta handiagoa, negoziaziorako korrelazio indarraren balantza gure alde jartzea, finean. 1968ko Aberri Egunerako ETAk argitaratuko testu batean, Txabi Etxebarrietak idatzia, azaltzen da ikuspegi hori: «A nuestra acción el opresor ha contestado con una represión, y a dicha represión estamos contestando con nuevas acciones, esto es un proceso revolucionario en la práctica, en la realidad, que aumenta progresivamente la conciencia y la combatividad del pueblo», (Txabi Etxebarrieta, “Armado de palabra y obra”. Txalaparta). Estrategia horrek, batetik, mobilizazio ziklo permanentean bizitzea exijitzen zuen; bestetik, errepresioak askotan kontzientziazioa baino kontrakoa eragiten duela ere ahaztu.

Egun ez gaude eskema horretan. Erabakitze eskubidearen logika oinarrian izanik aldebiko eskema batetik subiranotasunaren paradigmara pasa gara. Okerra da, aldebikotasunetik aldebakartasunera pasa gareneko irakurketa: aldaketa ez baita inor kontuan hartu behar ez dugula (PNV, adibidez) gurea aurrera eramateko. Aitzitik, edozein proposamen egiten dugula, izan aldebikoa edo aldebakarrekoa, herria dela azken hitza duena. Nolabait laburtzeko: taktika aldebikoa izan daiteke, izpiritua burujabea izan behar da. Izan ere, testuinguru historiko honetan izpiritu hori da gizartera hedatu beharrekoa, independentismoak etorkizunean lurzoru ongarritua izan dezan bere bidea egiteko; bestela, formulazio bikain eta esfortzu zintzo oro bidean eroriko zaizkigu.