Andoni ARABAOLAZA
BLOKEA

Brontzeak, Europako zein Espainiako blokeko lehietan

Andoni Esparta hirugarrena izan da Europako Kopan. Espainiakoan, Itziar Zabala,azken proban, eta Mikel Linazisoro, sailkapen nagusian, hirugarrenak ere.

Blokeko lehien hitzordu nagusiei dagokienez, apirileko azken asteburua intentsoa izan zen oso. Euskal ordezkariak bi probatan banatuta zeuden. Alde batetik, gazteenek, Europako Kopa zuten. Eta bestetik, nagusiek, Espainiako Kopako azken hitzordua. Kointzidentzia horrek, gainera, hainbat eragozpen sortu zituen. Batez ere, gazteentzat; izan ere, hauek nagusien mailan parte hartzeko aukera dute.

Apirilaren 28 eta 29an, Grazen (Austria) Eneko Carreterok, Andoni Espartak eta Mikel Linazisorok Europako Kopako bigarren hitzordua zuten. Kasu honetan, blokeko modalitatean. Jakina denez, hiru euskal ordezkari hauek Fedme-ren izenean lehiatu ziren.

Eta Graz herrian jokatutako proban lortutako emaitzei dagokienez, esan behar dugu Espartaren kasuan bikaina izan zela oso. Bilbotarra Youth A edo 18 urtez azpikoen mailan nor baino nor aritu zen. Sailkapenetan oso ondo jardun zen, besteak beste, zazpi “top” egin zituelako; bosgarren sailkatua izan zen. Finalean, berriz, bakarra sinatu zuen, eta haren aurretik geratu ziren beste biek, berriz, bina. Hala ere, lasai asko esan dezakegu garaipena lortzeko zorian egon zela. Bai, blokeetako batean “top” denboraz kanpo egin zuen; hori bai, segundo bakar bategatik. Hura denbora barruan egin izan balu, urrea etxera ekarriko zukeen.

Hala ere, Esparta pozarren dago eginiko lanarekin: «Oso emaitza ona da; Europan gure maila non dagoen jabetzeko motibagarria izan da. Lehia oso ondo atera zitzaidan».

Maila berean Carreterok jardun zuen, baina sailkapenetan soilik 3 bloke egin eta gero, 35. postuan geratu zen. Eta juniorretan, Linazisoro hamar finalistetatik bederatzigarrena geratu zen. Sailkapenetan 6 “top” egin zituen, eta finalera laugarren postuan igaro zen. Baina final horretan ez zuen bloke bakar bat bera egin. Lehen lau sailkatuek, berriz, launa bloke patrikaratu zituzten.

Beste brontzeak

Arestian aipatu dugunez, Espainiako erregulartasunaren zirkuituko azken proba berezia izan da oso. Nesken mailan, adibidez, Rut Casasek ez zuen parte hartu; izan ere, aipatu dugun Europako proba horretan lehiatu zen. Eta, hala ere, sailkapen nagusia bereganatu du. Katalanak lehen bi probak irabazi zituen, eta, hirugarrena jokatu ez badu ere, titulua eskuratu du. Euskal Mendizale Federazioaren euskal selekzioko bi kide, Irantzu Porres eta Itziar Zabala, finalera igaro ziren. Sailkapenetan, Porresek ezusteko ederra eman zuen 7 blokerekin bosgarren postuan sailkatu zelako. Haren atzetik Zabala geratu zen. Finalean, berriz, Zabala hirugarren postuan sailkatu zen eta Porres, zazpigarrenean.

Mutiletan, bestalde, Isaac Estevez izan zen euskal ordezkari bakarra. Sailkapenetan fin jardun zuen, eta finalera seigarren postuarekin pasatu zen. Finalean, berriz, bloke batekin bosgarren izan zen.

Bilbo, Salamanca eta Plasenciako probak jokatu eta puntu guztiak batu ondoren, Zabalak ezin izan du iazko titulua berriro eskuratu. Bilbon bigarren egin zuen eta Salamancan, zazpigarren. Azkenean, podiumetik kanpo geratu eta laugarren geratu da. Lehen hamarren artean ez da beste euskal neskarik sailkatu.

Mutiletan bai, ordea. Linazisorok azken proba hori jokatu gabe sailkapen nagusian brontzea eskuratu du; Bilbon irabazi zuen, eta Salamancan hirugarrena izan zen. Andoni Espartak, Salamancan garaile, zortzigarren egin du. Eta, azkenik, Estevezek, erregulartasunari eutsiz, meritu handiko bederatzigarren postua lortu du.