Amalur ARTOLA
BILBO

Leioako Umore Azokaren «irizpide aldaketa dela-eta» kezka azaldu dute

Kaleko arteetan dabiltzan sortzaileentzat erakusleihoa, sektoreko profesionalen topagunea eta, batez ere, programatzaileei proposamenak gertutik helarazteko merkatua da Leioako Umore Azoka. Kale-arteen alorrean inguruko jaialdi garrantzitsuenetakoa izaten jarrai dezan, «azoka» izaera manten dezala eskatu dio Artekale elkarteak Leioako Udalari, aurten izan diren «irizpide aldaketak» programatzaile kopurua murriztea ekarri baitu.

«Urtero Umore Azokan parte hartuko duten euskal konpainien aurkezpena egiten da eta aurten, ez dakigu zergatik, ez denez egingo, Artekaletik aurkezpen hori gure gain hartzeko beharra ikusi dugu», azaldu du Artekale Euskal Herriko Kale Arteen Elkarteko kide Mikel Pikazak. Leioako Umore Azoka maiatzaren 17an hasi eta 20ra arte gauzatuko da eta parte hartuko duten berrogei konpainietatik erdiak, 21, Euskal Herrikoak dira.

Pikazaren iritziz, kaleko arteetan dabiltzan sortzaileentzat «berebiziko agertokia» da Leioakoa, publiko orokorrari begirako jaialdia izateaz gainera sektorean dabiltzan profesionalen topagune eta, beraz, konpainientzat euren lanak merkaturatzeko abagune garrantzitsua ere bai baita: «Leioa da kale arteen sektorerako eskaparate nagusia, bai Euskal Herrikoa, baita Estatu mailakoa ere, Umore Azokak duen garrantzi eta ospeagatik», ziurtatu du Artekaleko kideak.

Urtez urte, Leioak ehundik gora programatzaile hartzen ditu, Euskal Herrikoak asko, baina baita atzerritik etorritakoak ere, eta Artekaleko ordezkariek jakinarazi dute aurten programatzaileak Leioara erakartzeko «baliabide gutxiago» jarri direla eta, beraz, euren presentzia «nabarmen murriztuko» dela: «Ez dakigu oso ondo zer gertatu den. Dakiguna da Leioako Udalak beste dinamika batzuk lehenetsi dituela, modu batean edo bestean murrizketak heldu direla edo aurrekontu txikiagoa egon dela, eta ez direla horrenbeste baliabide bideratu eta erraztasun jarri batez ere estatuko eta nazioarteko programatzaileak etortzeko. Orduan, aurten horien presentzia murriztu egingo da nabarmen». Irizpide aldaketa Leioako Udaletik –bere bidez antolatzen da Umore Azoka, aurten 211.300 euroko aurrekontuarekin– datorrela uste dute kale-arteen elkartekoek; «ze guk badakigu Azokaren arduradunen apustua Umore Azoka sendotzen jarraitzea dela, baina aurten ezin izan dute eta badakigu udal arduradunen irizpide aldaketa izan dela tartean: aurrekontua murriztu behar izan dutenean arlo profesionala murriztea erabaki dute», esan du Pikazak. Hala, egoerarekin «kezkatuta» daudela eta kaleko arteek Umore Azoka bezalako «feria sendo eta inportantea» behar dutela aldarrikatu dute, «estatu mailan erreferentziala izaten jarraituko duena». «Hori galtzen ikustea kezka handiz bizi dugu, gure sektorea beti bizi izan baita prekaritatean eta bisibilizazio zein errekonozimendu gutxirekin, eta geneukan hitzordu nagusia ahultzen hasten bada, sektorearentzat ez da batere ona izango. Hori da guk dugun kezka eta larridura», ziurtatu du.

Aldi berean, orain arteko hemezortzi edizioetan Leioako Udalak kaleko arteen alde egin duen ahalegina eskertu dute: «Oso kontziente gara izugarrizko apustua egin duela urte hauetan, Umore Azokak lortu duen ospea eta proiekzioa ez baitira urte batetik bestera lortzen. Hor lan andana egon da, pertsona eta eragile askoren lan handia, eta Udalari eskatu nahi diogu norabide horretan lan egiten jarrai dezan, azoka izaera hori defendatu eta sendotzen jarrai dezan».

Sektore sendo eta plurala

Kale-arteen sektorea indartsu dagoela eta plurala dela berretsi du Pikazak. Aurten Umore Azokan 21 euskal taldek parte hartuko badute ere, kanpoan geratu direnak beste horrenbeste direla adierazi du. «Erreferentziazko taldeak ditugu, baina baita hasiberriak ere, dantzan, antzerkian, zirkuan... dabiltzanak. Sektorea bizirik dago eta kalitatezko edukiak sortzen ari da», ziurtatu du.

Talde horietako askorentzat Leioa da erakusleiho nagusia. Aurten, esaterako, hamahiru lanen estreinaldia hartuko du Umore Azokak. «Pertsonalki, esan dezaket Malas Compañías-ekin lau lan estreinatu ditugula Leioan, eta hortik emanaldi piloa atera zaizkigula. Sektorearentzat garrantzizkoa delako eta potentziala badagoelako jarraitu behar du aurrera egiten», amaitu du.