Andoni ARABAOLAZA
Eskalada

Klemen Becanek «Roctrip»-ekin beste urrats bat egin du

Iragan apirilean, baldintza egokiak aprobetxatuta, eskalatzaile esloveniarrak Kroazian duela lau urte zabaldutako bidea kateatu zuen. 200 metro luze da, eta 8c+ zailtasuneko bi luze ditu.

Hormatzarretan era askean igo diren bideen artean, zalantzarik gabe, Kapitaineko (Yosemite) “Dawn Wall”-ek (9a) protagonismo berezia du. Muturreko zailtasun horretan, berriz, muturra sartu nahi izan duena Klemen Becan izan da. Aipatu dugun Yosemiteko bide horrekin alderatu ezin bada ere, eskalatzaile esloveniarrak horma luzeetan urrats bat egin berri du.

Duela lau urte, Megawall izeneko paretan “Roctrip” bidea zabaldu eta ekipatu zuen. Joan den apirilean, berriz, hura askatzea, hots, puntu gorria jartzea erdietsi zuen. Becanen sormen lan horrek 200 metro eta bost luze ditu. Eta zailtasunei dagokienez, gogorra da oso: 8c+ graduko bi luze, eta 8a, 7c eta 7b bana. Zailtasun tekniko horiek ikusita, esan behar dugu “Roctrip” Kroaziako bide luzeen artean zailena bihurtu dela, eta, jakina, munduko zailenetarikoa ere bai.

Aurreratu dugun bezala, protagonista honek 2014. urtean ekipatu zuen: «Lan horiek Anja kidearekin egin nituen. Esan behar dut goitik ekipatu genuela».

Bi 8c+

Bidearen ezaugarriei dagokienez, esloveniarrak dio lehen 50 metroek 8b gradua izango dutela: «Atseden hartzeko leku batera heltzen zara, eta, ondoren, blokeko sekzio gogor bat gainditu behar da. Oinentzako apenas dagoen ezer. Sekzio hori maiz bustia egoten da. Luze hau 8c+ zailtasunekoa da».

Becanek dio, bigarren luzea (8a), ikaragarri ona dela: «40 metroko zikin-arrasto batzuetatik eskalatu behar da. Oso dibertigarria da, baina bilerara heldu baino lehen beste pauso gogor bat dago».

Hirugarren luzea ere, hots, bidearen bigarren giltza, 8c+ gradukoa da: «Oso-oso gogorra da, eta mugimendu ederrak ditu. Eroria duen plaka batek buruhauste handiak eragin zizkidan. Ia heldulekurik ez dago, eta, sekzio hori gainditzeko metodoa aurkitzea kosta egin zitzaidan. Tarte hori gainditutakoan, 20 metroko plaka bertikal bat dago. Pauso luzeak ditu, baina ez dira hain gogorrak».

Laugarren eta bosgarren luzeek, 7c eta 7b gradua dutenek, nolabaiteko lasaitasuna ematen diote bideari: «Alabaina, ondo eskalatu behar da».

“Roctrip”-i puntu gorria jartzeko, eskalatzaileak onartu du lan eskerga behar izan duela egin: «Sei bisita egin dizkiot. Eta horietan guztietan astebete edo bi aste probatzen jardun dut. 8c+ zailtasuna duen bigarren giltza 150 metrora dago; ez nuen uste hain zaila izango zenik».