Maite Ubiria
IKUSMIRA

Martin eta Martin

Batekin gutxi balitz ere, Martin bi izanen ditut gogoan ondoko lerrootan. Ez dut arrazoi faltarik. Modu batera edo bestera deitura hori duten bi herritarrekin zorretan nago.

Zabaletatik hasita, mendizaleari zor diot EGIN egunkariari nire etxeko ateak zabaldu izana. Ezingo nuke zehaztu 1980ko maiatzaren 14an Martin partaide zuen espedizioak lorturiko balentria jaso zuen alea lehena izan zen. Memorian iltzatuta dut, ordea, kazetari «izparringi» deitzen zion aitak harro begiratu ziola Everesteko tontorrean hernaniarrak plantatu zuen ikurrinari.

Sukaldetik egongelara dantzan ibili ondoren, tiraderan amaitu zuen munduari euskaldunen berri eman zion erretratu horixka. Tarteka azaltzen zitzaigun, ustekabean. Aitaren begiradan inoiz ez nuen sumatu zalantza txikienik ere ikur hark zabaldu zuen mezua, bere osotasunean, aintzat hartzeko. Memoriak sarritan errealitatea desitxuratu egiten duela badakit, baita nostalgian kulunkatzeak ez duela argitasun gehiago ekartzeko aparteko baliorik.

Izan ere, hipokrisiaren gailurra gainditzeko norgehiagoka jarduten duen egungo kordada politikoari so egin baino, aukeran nahiago aitaren begirada garbia nire baitan gorde.

Zorra hola-hala kitatu dut Martin handiarekin, baina errana nuenez, beste izenkide bat nahi nuen aipatu. Eskua gora eta irribarretsu Everestetik agurtu gintuen mendizale gisara nahi zaitut, Joseba Martin, gogoan atxiki. Pasang Temba nepaldarraren erara, joan arte eginiko xerpa lana eskertzeko hitzik ezin atzeman eta munduko gailurretik Martinek bota zuen «Gora Euskadi Askatuta!» etorri zait burura. Eztarriko korapiloa pixka bat arintzeko, sikiera.