Maiatzaren azken astea
Larunbat arratsaldean, lagun bat jaso nuen aireportuan, aste osoa Lanzaroten oporretan egondakoa; hango berri eman ondoren, «eta hemen? nobedaderik bai?», bota zidan, irla espainiar batean barik Marten egon balitz bezala. Bueno, EAJren suspenseak suspense azkenean PP Espainiako estatuko gobernutik bota dutela, orain hango presidentea Pedro Sanchez sozialista dela, Katalunian Governa eratu dutela, “La Manada kasuan” tarteko guztiek helegiteak jarri dituztela –batzuek bortxaketa zigor dadin eta beste batzuek absoluzioa (!!!) eman dakien, surrealismo juridikoaren kiribiletik atera ezinik–, Altsasuko gazteei terrorismoa (!!!) egotzi ez, baina urte-mordo politarekin zigortu dituztela... gertukoenak aipatzearren, hori guztia aldera batera utzita, aparteko nobedaderik ez.
Hori astea! Hedabideak azken orduko albistez, analisi politikoz eta erreportaje bereziz on fire daude. Oro har, badirudi itxaropen-izpi bat zabaldu dela panorama politikoan; itxaropen-izpi bat PP ustel eta, gainera, harroputza hilezkorra, garaiezina, zela uste genuen guztiongan; PPk urte hauetan guztietan gupidarik eta lotsarik gabe zanpaturiko kolektiboetan; PPren gobernantza-moldeari zein jendartearen ikuspegiari dagokienez, beste muturrean sinesten dugun politikari zenbait eta herritarrongan. Itxaropen-izpitxoa da, hori bai, ikusteko dagoelako Alderdi Sozialistak zer egin nahi duen, benetan, behin Moncloako besaulkia berreskuratuta: belaunaldi gazteagoarekin, bai, baina gutxi gorabehera betiko alderdi “sozialista” izaten jarraitu; edo egungo erronka politiko eta sozial guztiei egiazko sozialismoa, egiazko begirunea eta egiazko baliabideak aplikatuz heltzen hasi, bertan egongo den denboran hasi, behintzat.
Balentria entzuten ari gara asko, Pedro Sanchezen balentria, politikoki gorpu izatetik gobernuko presidente bihurtzea lortu duelako, urte eta erdian besterik ez. Balentria litzateke, ordea, pentsiodunak, emakumeak, etorkinak, gazteak, baztertuak (mota guztietakoak), herritar guztiak, eta nazioak zein bertako hizkuntzak, babesteko politika ezartzea; balentria litzateke PPtik zein haren politikatik erabat bereiztea, hark zapaldu eta zapuzturiko guztiaren eta guztien alde egitea; balentria litzateke Pedro Sanchezen PSOEk ez egitea iruzur orain, beste behin, ezkerrari eta eraldaketa sozial beharrezkoaren egarriz gauden herritar guztioi, eta joan den astea benetan izatea zeharo bestelako aro baten abiapuntua.