GARA
BILBO

2017-18 kurtsoko borroken %71k emaitza ona izan dute, LABen iritziz

Ekintza sindikalaren inguruko txostena aurkezteko agerraldia egin zuen atzo LAB sindikatuak. Bukatu berri den kurtsoan ezarritako ekintza «berrituaren» balorazioa egin zuten eta lantokietan borrokak eta grebak piztean oinarritutako bidea izan zen lehentasunezko puntua. Urte politiko honetan 120 borroka piztu direla azpimarratu zuten.

2017-18 kurtsoan piztutako 120 borroketatik 85ek emaitza onak izan dituztela nabarmendu zuen atzo LAB sindikatuak. Hau da, borroken %71 era positiboan ebatzi dira.

Ekintza sindikala abiapuntu izanda, LABek agerraldia egin zuen iragan den kurtsoaren balorazioa plazaratzeko. Aurtengo kurtsoan abiatutako ekintza sindikal «berrituaren» inguruko balantzea egin zuten, eta lantokietako borroka eta grebak piztean oinarritutako bidean jarri zuten indar handiena.

Izan ere, adierazi zutenez, sindikatuaren erronka nagusia, Biltzar Nagusian hartutako erabakiari jarraituz, enpresetako borroka eta grebak areagotzea izan da, «patronal eta botere politikoekiko gure indar korrelazioa aldatzeko».

LABen iritziz, grebek langileen pobretze eta prekarizazioari aurre egitea eta prozesu horiek amaitzea ahalbidetzen dute. Hala, hainbat sektoretako «borroka ugari» sustatu dituztelako harro azaldu ziren, hala nola, zenbait hitzarmen berreskuratzeagatik.

Besteak beste, garbiketa, gasolindegi, eraikuntza, udal eta foru administrazio, kiroldegi, grafikagintza, papergintza eta ostatuen sektoreetan lortu dituzte hitzarmenok; baita irakaskuntza publikoan ere, «LABek defendatzen dituen edukiekin».

Aliantzak

LABek plazaratu zituen datuei erreparatuz gero, sektore mailako 33 borroka abiatu dira 2017-2018an eta horien %33 eremu feminizatuetan gauzatu dira. Jakinarazi zuten, oraindik 15 borrokak indarrean segitzen dutela. Fabrika edo enpresen arloan, aldiz, borroken %20 gauzatu dira eremu feminizatuetan.

Borroka zein greben bitartez aktibazioan eta konfrontazioan sakontzea lortu dutela azpimarratu zuten, beste sindikatuekin elkarlanean zein bakarka. Eta nabarmendu zuten LABen ekimenez abiatutako borroketan grebek garrantzia izan dutela.

Aliantza ezberdinak ere aipatzen dira txostenean; Ernai eta mugimendu feministarekin partekatutako borrokak aurtengo kurtsoko giltzarri izan direla adierazten dute. Era berean, onartu zuten sindikalismoan aliantza mardulena ELArekin batera eramandakoa izan dela, baina ez dute ezkutatzen kurtso erdialdetik aurrera «helburuak eta joko arauak adosteko zailtasunak areagotu» zirela.

Horren harira, prentsaurrekoan bertan Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak baieztatu zuen ELArekin desadostasunak dituztela: «Gaur-gaurkoz harremana apurtua dago eta uste dugu ez duela hobetzeko itxurarik, ez hauteskunde prozesua amaitu bitartean».

Bestalde, sindikalismoaren baitan, egungo egoeran sortu diren kolektibo ezberdinei ahotsa eman dietela hauspotu zuten (azpikontratatutakoak, praktiketakoak, etab.), eta, adibidez, herri eta auzoetako errealitate zehatz eta prekaritatearen kontrako borrokak zabaldu dituztela amaitzear dagoen ikasturtean martxan jarritako hiru ekimen espezifikoren bitartez: Ekimen Ibiltaria, Ostiral Duinak eta Bizi Egunak.

Euskal Esparrua

Lantokiz lantoki egiten den borrokarekin batera, alternatiba orokorrago bat eskatzen dutela adierazi zuen Aranburuk. Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren aldeko borroka indartzeaz ari zen, alegia.

Lan arloan Euskal Esparrua aldarrikatzearen baitan gauzatutako hiru eginkizunak zehaztu zituzten. Batetik, Lanbide Arteko Akordioa. Nafarroan ezin, baina EAEn egituratu zuten, bertan indarrean dauden hitzarmenek espainiar Estatutik jaso ditzaketen «erasoetatik» defendatzeko. Inpugnazioa tarteko, maiatzaren 30ean deitutako mobilizazio eguna inflexio puntua» izan zelakoan daude.

Ipar Euskal Herrian, bestetik, “Alarma soziala” dinamika jarri dute martxan aurten, protokolo zehatza edonoren eskura egotea ahalbidetuz, zuzendaritzak ahulagoa den akordio bat martxan jarri nahiz izanez gero.

Nafarroan Kontratazio Legea abiatu dute, arlo publikoan azpikontratatuko langileei ezarri beharreko baldintzak finkatzeko helburuarekin sortua.

Adierazpenak

«Langileentzat greba da borrokarako funtsezko tresna eta horregatik indartu dugu ‘Borroka kutxa’»

«Patronalari kostu handiena eta langileoi txikiena eragingo diguten borrokak egin behar ditugu»

«Gaur-gaurkoz, (ELArekin) harremana apurtua dago eta uste dugu ez duela hobetzeko itxurarik, ez hauteskunde prozesua amaitu bitartean».

GARBIÑE ARANBURU

LABeko idazkari nagusia