Begiratu bai, baina bestaldera
Begiratzen du, baino ez du ikusten, horretarako ere indarrak akituta dago eta. Besoetatik tira egiten diote itsasotik atera ahal izateko, berak bere kabuz ez duelako ia mugitzeko kemenik. Drama handiaren aurpegietako bat da 48 ordu itsasoan eman dituen emakume kamerundarrarena, eta, hala ere, egunkariko lehen orrian ikusi dugun guztiok zortea izan duela sinetsita gaude. Eta izan, izan du, bidaian lagun zituen askok ez baitute aukerarik izango horrenbestetan amestu eta iritsi baino lehen gorrotatzeko motiboak ematen dizkien lurralde hori ikusteko. Agian, berak ere ez.
Egunkariko –atzoko GARAn– azaleko argazkian suma zitekeen ezintasun guzti hori, eta ez dut pentsatu ere egin nahi aurrez aurre ikusi dituztenek zer nolako zirrara sentituko zuten. Agian ez, dagoeneko asko dira-eta itsasoaren atzaparretatik salbatu behar izan dituztenak, hilik edota bizirik.
Eta jendea hil ala biziko bidaian abiatzen den bitartean, itsasoa inguratzen duten herrialdeetako agintariek ez dute inor begietara begiratu nahi. Italiako Barne ministro Matteo Salvinik Italiako portuak postaletan baino ez dituztela ikusiko adierazi du «umoretsu». Gainerakoek Italiaren jarrera ez dutela begi onez ikusten diote, baina behar den moduan erantzukizunik hartu gabe; euren herrietako egoerak atzean utzi dituzten atzerritarrei portuak irekitzea horregatik da oraindik ere notizia eta keinu txiki horiek ezintasunaren ezintasuna islatzen duen begiradak baino lehen orrialde gehiago hartzen dituzte. Agian, oraindik apartekoagoak direlako.