Ariane KAMIO
Entrevue
GARBIñE UBEDA
EUSKAL IDAZLEEN ELKARTEKO LEHENDAKARIA

«Idazle asko dago eta kalitate handia idatzietan, baina prestigioan ez dugu irabazi»

Kanpoan harrapatu dugu Garbiñe Ubeda (Tolosa, 1967). Barka dezala. Nolanahi izan, berdin erantzun die igorritako galderei. Martxoaz geroztik Euskal Idazleen Elkarteko (EIE) lehendakaria da idazle eta kazetari tolosarra. Helburu eta erronkez hitz egin du eta eman du ere hainbat gairen inguruko iritzia. Lau urte ditu aurretik nahi dituen horiek gauzatzeko.

Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria hor dagoen figura bat da, baina zehaztu mesedez, zein da zure eginkizuna karguan?

Lehendakaria, nagusiki, elkarteari aurpegia jartzen dion pertsona hautatua da. Elkartearen ordezkaritza lanak egiten ditu behar denean, eta zuzendaritza batzordeko kide da, beste zazpi lagunekin batera. Erabakiak ez ditu lehendakariak bakarrik hartzen, batzorde horrek hartzen ditu, hilean behin bilduz. Egunerokoan, ordea, bertako bi langileek eta kudeatzaileak eramaten dute aurrera EIEren lan karga. Praktikan, haiek dira EIE, eta ni, haiei laguntzeko ere banago.

Zuzendaritza batzordea osatzen duten zortzi kideek, lehendakaria barne, urririk egiten dute lan elkarterako. Alde onik badu horrek, pasioz edo gustuz hartutako karguak direlako eta gasturik ez dakartelako. Baina txarrik ere badu, kideek lan horri lehentasunik ezin diotelako eman, jaten ematen ez duenez. Oreka zaila du.

Helbururik finkatu duzu?

Finkatu nahi izan ditudan helburuen artean dago lanen zerrenda bat egin eta ahal dela zuzendaritza batzordea osatzen duten kideen arten lan horien ardurak banatzea, efektibotasuna irabazte aldera. Irailean biribilduko dugu, apiriletik ekainerako tartean beste zereginik ere bagenuelako. Esaterako, hurrengo “Hegats” martxan jartzea.

Zerrenda horretan zer dago: egile eskubideen kudeaketarako sortutako elkartearekin, EKKIrekin, estuago lan egitea; idazle gazteak erakartzeko eta ikusarazteko proiektu bat sortu eta martxan jartzea; idazleei laguntza morala eta batez ere aholkularitza fiskala emateko moduak hobetzea; “Hegats” aldizkariari beste buelta bat ematea; elkarteko kide izateko baldintzak gaurko garaira egokitzea, elkartea duela 50 urte sortu zenez geroztik ez baitira aldatu…

Idazle eta kazetaria zara. Zein ikuspegitatik begiratzen diozu orain literaturari?

Orain eta lehen, literaturari zentzurik zabalenetik begiratzen saiatu naiz beti. Abaniko zabalak osatzen du literatura, nire ikuspegitik behintzat. Sorkuntzan hibridazio handia dago, kazetaria ez da kazetari soil, eta literatoa ez da literato soil. Euskararen unibertso txikiak ez du luxu horietarako adina ematen. Eta era berean, ederra da generoak apurtzea, idazketa molde berriak proposatzea, sare sozialek eskaintzen dutena letren mundura ekartzea eta alderantziz… Egunkarietako zutabeetan, adibidez, literatura egiten da sarritan, edo bederen, literaturatik kazetaritzatik baino gertuago dagoen idazketa lantzen da. Ez dago etiketa edo definizio zurrunetan tematu beharrik. Abestietako hitzak idazten dituztenak ere idazletzat dauzkat nik neronek. Ertz guztiak dira onak. Eta denak ditugu ezinbesteko.

Non ikusten dizkiozu sektoreari ahuldadeak? Eta non indarguneak?

Euskararen ahulezia da gure sektorearen puntu ilunena, nire ustez. Euskararen egoerak hobera egiten ez badu –eta ez naiz euskara ezagutzen edo egiten dakitenen kopuruaz ari, baizik eta euskararen erabileraz eta kalitateaz–, sektoreak bide zaila izango du.

Bestalde, sektorea bere zabalean hartuz gero (editoreak, itzultzaileak, irakurleak, inprimatzaileak…), ez gara lobby bat, ez goaz denak batera, eta horrela nekez egin liteke presioa.

Indargunea, berriz, sortzaile mordoa dugula, idazle on ugari, letren luze-zabalean. Gidoilari, zutabegile, poeta, ipuingile, nobelista, komikilari, antzerki munduko sortzaile, sare sozialetako zirikatzaile… abaniko osoan ditugu izen aipagarriak. Zuk ere uste al duzu euskal literaturaren momenturik oparoena bizi dugula?

Ez dakit zer esan. Idazle asko dago eta kalitate handia ere badago idatzietan. Baina prestigioan ez dugu irabazi. Ez zait iruditzen. Momentu askoz ere oparoagoak beharko ditugu idazkuntza benetako ofizio bihurtu dadin, eta euskal kulturaren erdigunean jar dadin.

Azken asteetan egin diren galdeketa eta inkesten arabera (Siadecok eta Elkarrek egindakoa, esaterako) euskal literatura gutxi kontsumitzen dugu euskaldunok; zaleagoak gara erdaretako literatura kontsumitzen. Egin du EIEk horren inguruko hausnarketarik? Zer iritzi duzu zuk?

Nire adinetik gorakoak euskaraz eskolatu gabeak dira gehienak, eta ez dute euskaraz kontsumitzeko gaitasunik lortu. Gazteagoek, bereziki gaztetxoenek, euskara maila eskasa dute eta, beraz, gaitasunik ez hauek ere, euskaraz kontsumitzeko. Beren gustuko tokietan, gainera, youtuberren artean esaterako, euskara ez da urrundik ere ageri. Egunerokoan idatziz emanda datorren guztia erdaraz dago (kontsumorako produktuak, etiketak, instrukzioak, publizitatea, botikak, argibideak…). Gauzarik arruntenak euskaraz irakurtzeko aukerarik ez badugu, horretarako ohiturarik sortu ez badugu, hori ukatzen bazaigu, nolatan izango dugu literatura euskaraz irakurtzeko ohitura?

Bestalde, euskarazko produktuak aurkitzea gero eta zailagoa da, kasik balentria baten pareko da gure egunerokoan euskal libururik edo aldizkaririk aurkitzea, ikusgarritasunik ez baitute inon. Denda txikiak pikutara joan dira gehienak, eta handietan, salmenta estrategiak estatalak dira erabat, baita Eroskin ere. Literaturari dagokionez, Hego Euskal Herrian gaztelaniaz eta Ipar Euskal Herrian frantsesez sortzen den literatura saltzera bideratuta daude, eta Estatuko literaturarik komertzialenaz ari gara beti. Euskal literatura, kasurik onenean, zokora kondenatuta dago, eta erregionalismo hutsera, non inongo sailkapenik gabe eta pilan jartzen diren, euskaraz nahiz erdaraz sortuak, eleberriak nahiz bestelakoak. Eta erregionalismoa diodanean, zentzurik txarrenean ere badiot. Liburuen apalei begira jarri eta zer ikusten da? Hemen liburuak autoreka, harago generoka, urrutixeago adinaren arabera, eta azken muturrean, bazterrean, gureak. Hori bai, ikurrintxoaz lagunduak. Zer iradokitzen da horrela? Liga nagusirako edo molde normalizatu baterako mailarik ez dutela.

Bai, inkestetako emaitzak txarrak dira. Baina panorama latz horretan besterik espero al zuen ba inork? Inkestak euskararen egoera penagarrian kokatu gabe egiteak ondorio arriskutsuetara eraman gaitzake. Adibidez, idazleak eta sortzaileak errudun bihurtzera (“hautatzen dituzten gaiak ez zaizkit interesatzen”, edo “euskara zailegia erabiltzen dute”, “ezin al dute denok ulertzeko moduan idatzi?”…). Etxea teilatutik hastea bezalatsu da hori.

Urteko biltzarra egin zenean aipatu zen gaia, baina oso azaletik, gai-zerrendatik kanpo. Datuek sortzen duten etsipenak isiltzera eraman gintuen, egia esan.

   Berriki eman ditu Elkarrek bere fakturazio datuak. Ez dakit irakurtzeko aukerarik izan duzun. Banaketan apustu handia egin dute eta diru iturri nagusia eremu horretatik dator. Baina gehientsuena, Espainiako Estatutik. Estatuan saltzetik. Badu EIEk asmorik euskal idazlea gure mugetatik kanpo proiektatzeko? Badago horretarako beharrik?

Elkar enpresa bat da, eta Espainia diru iturri nagusi bihurtu bazaio, bejondeiola. Pozgarria iruditzen zait.

EIEk ez du programa berezirik bere idazleak kanpora proiektatzeko, horren alde gauzatxo bat edo beste egiten duen arren. Baina zer zentzu luke euskal literatura kanporako sortzeak hemen horren egoera larrian gaudenean? Izatekotan, gure herrian izan beharko dugu profeta. EIEren lana, momentuz, hemengo jarduna eta zaletasuna indartzea da. Kanpora proiektatzeko badira beste erakunde batzuk, Etxepare institutua eta abar. 

Nola ikusten duzu emakumeen presentzia euskal letretan? Nahikoa ikusgarritasun, prestigio, errekonozimendu dutela uste duzu?

Emakumeak atzean utzi ditu konplexuak eta gogotsu dator. Baina oraindik ere, hainbat tokitatik deitu eta esaten dizutenean, «aizu, tertulia, mahai-inguru, programa edo dena delako honetan parte hartzea nahi genuke, edo halako medioan hilean behin idaztea», demagun, eta hori eskatzeko azalduko dizuten argudio nagusienetako bat, «izan ere, guk ere feministago jokatu nahi dugu, eta emakumeak behar ditugulako hots egin dizugu» baldin bada, oraindik bide luzea gelditzen zaigun seinale. Alde batetik, zure generoa axola zaielako, baina ez zu zeu; zure izena emakume izateari lotuta dagoelako oroz gainetik, ez preseski egiten duzunari. Bestetik, kupoa zarelako. Halakoek, ahalduntzen lagundu beharrean, gutxiespena areagotu besterik ez dute egiten.

Gaur egun ere erakunde, elkarte eta argitaletxe gehienen botere faktikoak nagusiki maskulinoak dira oraindik. Erosleei eta irakurle taldeetako kideei dagokienez, berriz, emakumeak gehiago dira gizonak baino. Eta editore emakumezkoak ere baditugu.

Asko hitz egin izan da azken denboran kultur politika eraginkorraren beharraz. Inbertsioak eta kultura zentralitatera ekartzeko premiaz. Zerbait eskatu beharko bazenu zure alorrerako, zer litzateke premiazkoena?

Euskara lan tresna duen sortzaileari estatus berezi bat aitortzea. Futboltzaleei azpiegiturak diru publikoz ordaintzen bazaizkie, altzairuari krisitik ateratzeko laguntza instituzionala ematen bazaio, euskal sortzaileak ez du gutxiago merezi, gure nortasuna eta ondarea zaintzen eta gaurkotzen duelako, kulturaren giltzarri delako.

Euskararen (eta literaturaren) presentzia ziurtatzeko arauak indarrean jartzea eta betearaztea publikoari eta kontsumoari begira diharduten enpresetan (hipermerkatu, farmazia nahiz bestelakoak): produktuen etiketak euskaraz jartzea, euskal literatura ez gutxiestea eta erdarazkoen trataera ematea…