Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Artikulazioaren alde

Daniel Bernabe idazleak argitaratu duen “La trampa de la diversidad” izeneko azken liburuak hautsak harrotu ditu ezkerreko zenbait sektoretan. Ez da eztabaidagai berria. Zizek eta beste autore batzuek heldu izan diote auziari beste ikuspegi batetik beharbada multikulturalismoari eta aniztasunaren ospakizun hutsalari egindako kritiken bidez.

Ez dut liburua irakurri (oporretarako zereginetako bat da) eta beraz aitortu beharra daukat arrisku handiko kirola izan litekeela zutabe hau idaztea bera ere, irakurri gabeko zerbaiten inguruan idazteak dituen gabeziak begi bistakoak baitira. Baina irakurri izan ditut autorearen artikuluak eta badakit zein den manejatzen duen tesi nagusia: ezkerrean fragmentaziorako joera nabarmena da eta neoliberalismoa horretaz baliatzen da identitate gero eta atomizatuagoak ia merkatuko target bilakatu eta hala sakoneko aldaketa sozialerako aukerak mugatzeko.

Antzeko kezken inguruan idatzi izan dut txoko honetan lehenago ere. Ezkerreko zenbait estrategia eta politiketan neurri batean ikuspegi materiala galdu dela esango nuke. Neoliberalismoaren bozgorailuetatik aldaketa handiak ezinezko direla errepikatzen digutenez, modus vivendi-aren eta keinuen politikara mugatzen da sarri praktika politikoa. Eta horrela nekez gauzatuko dira sakoneko aldaketa sozialak.

Aldiz, identitateek ere badute beren garrantzia, proiektu kolektibo batek arrakasta izango badu ezinbestekoa baita jendea zer horren parte sentitzea. Bere egitea. Identitate kolektibo handiak beharrezkoak dira proiektu sendoak eta solidoak eraikitzeko. Identitate konpartituak. Kontua da XX. mendean ezkerrean ezagututako identitate kolektibo handi eta zabal horietako batzuk asko lausotu direla.

Beraz, beharrezkoa da helburu indibidual eta aspirazional soiletatik harago, aspirazio kolektibo zabalak artikulatzea, bizi baldintzetan aldaketa materialak eragin ahal izateko. Posizio puruekin ezin da artikulaziorik egin. Kritika sakona baztertu gabe, sarri kontraesankorrak diren dinamiketan lokaztu behar aldaketa sozialak bultzatuko badira.