Bagara nor!
Le Tour de France ospe handiko lasterketak bere gurpil eta maillot koloretsuak Lapurdin sartzen dituen honetan, 20. etapa, erlojupekoa Senpere eta Ezpeleta artean, egingo da hil honek 28 egun beteko dituenean. Lasterketaren garaipen eskailera erabakiko duen eta itzelezko arreta maila erakarriko duen norgehiagoka izango da, mundu mailako lehia.
Kirolak eta modu berezian euskaldunongan txirrindularitzak pizten duen zaletasuna aintzat hartuta, herritar talde batek aldarrikapen festa eguna antolatu du Uztaritze eta Zuraide arteko 14. kilometroan dagoen Larresoron, hemen badela herri bat erakusteko, bagarela nor zabaltzeko mundu zabalera. Munduan erakusteko hemen badela hizkuntza berezitu bat, euskara, eta, ondorioz, kultur identitate propioa duen herri bat, Euskal Herria. Hainbat txirrindularitza lasterketatan, bide bazterretan makina bat hamarkadetan zehar sutsuki astintzen ikusi dugu kolore gorri, zuri eta berdedun bandera, ikurrina. Txirrindulariei, guztiei, errespetuz bide bazterrik oihu ozenekin bultza eginez aldaparik gogorrenetan, hortxe beti euskal herritarrak.
Beraz, urte luzez txirrindularitzaren bidez nazioartean ezagutarazten ibili garen ikurrina, zergatik ez kokatu oraingoan bere lurraldean, bere etxean? Horrela, guztiek ezagut dezaten ikurrinaren eremu fisikoa, lurra. Lapurditik beste lurraldeetara ere zabaltzen dena, batzuetan Estatu Espainiarraren aginte makilaren azpian eta beste batzuetan Frantziako agintearen azpian. Baina beti herri bat. Estatu muga eta muga mentaletatik haratago. Badugu, beraz, aldarrikapenerako aitzakia, kirola eta festa batuz, uztailaren 28an. Badugu aitzakia, beste behin herri bat garela aldarrikatzeko, ikus gaitzaten, galdegin diezaguten.
Euskal herritar talde bat hasi da uztailaren 28ko festa prestatzen, aldarrikapena zabaltzen. Bakarrik utziko ditugu? Oraingoan, mundu mailako suge bizi, laster eta koloretsuena gurean bertan denean, ez gara bide bazterrera aterako? Justuki, noiz eta Frantziaren aginte makila lapurtar, baxenabartar eta zuberotarrei euskaraz ikasteko eskubidea ukatzeko bideak urratzen hasi denean? Ez al diegu gure irribarre hoberenarekin, kirolaren balio positiboenekin ongi etorria emango gure herri txiki bezain maitatura, bagarela nor erakutsiz?
Noski baietz! Han izango gara, txirrindulariak bultzatuz, jai giroan hemen badela herri bat erakutsiz. Bidenabar, Euskal Herrira ongi etorriak direla ere esango diegu, gure herriko festara gonbidatuz!