Floren Aoiz
@elomendia
JO PUNTUA

Maravillas gaztetxea eta aldaketaren aldeko herri agindua

Herriaren aginduak betetzea da gobernugintza eraldatzailearen funtsa. Nafarroan, jendarteak bultzatuta iritsi zen aldaketa instituzioetara 78ko erregimenaren nafar mutazioak ekarritako urte ilunei bukaera emateko. Jakin badakigu aldaketaren eragile guziek ez zutela aldaketa grina bera. Jakin badakigu baten batek nahiago zuela errotiko aldaketen logika baztertzea eta PSOEren eskutik joatea, baina emaitzak oso argiak izan ziren: herriak zenbakien bidez bidali zuen bere mezua!

Ordutiko ibilbidean argiak eta itzalak atzematen dira, baina oro har, aro aldaketa ireki da Nafarroan, eta urrats hau, berriro esanen dut, jendarteak bultzatu du, instituzioekin batera. Aunitzok gehiago nahi dugu, baina akats estrategiko erraldoia litzateke lortutakoaren balioa mespretxatzea: haratago joan ahal izateko egindako bidearen garrantziaz jabetzea ezinbestekoa da. Aldaketak jarraitu behar du gure jendartearen eraldaketa sakonik nahi baldin badugu, gehiengoak osatu behar dira eta erregimenaren itzulera oztopatu behar da.

Hau esanik, ez dakit zer gertatuko den Iruñeko Nabarreriako Maravillas gaztetxearekin. Zer gertatzea nahi dudan, ordea, oso argi daukat. Altsasuko gazteekin gertatutakoa nolabait errepikatzea nahiko nuke. Orduan ere, lehen unean, guardia zibilen biktimizazioaren jokoa irentsi zuten batzuek, bisitatu, babestu, betiko kondenak errepikatu, eta abar. Denborarekin, eta mobilizazio eta salaketei esker, jarrerak aldatu ziren, errotik aldatu ere. Aldaketaren aldeko batzuen aldaketa bideragarria zela erakutsi zigun horrek. Ba, Maravillas gaztetxeaz horixe gertatzea nahiko nuke.

Altsasuko gazteen aferan aldaketaren herri agindua nagusitu zen, hasierako inertziak gaindituta. Zergatik ez Maravillasekin? Herri agindua da huste, inposizio eta itxikeriaren garaiari behin betiko agur esatea, atetik kanporatu genuena leihotik sar ez dadin. Ea ba!