Maider IANTZI
XABIER ITURRIOTZEN TAILERRERA BISITA, IMOTZEKO ERASON

ZAPATARI: HANKETATIK HASITA BIZI OSASUNTSU BAT LORTZEAREN POZA

ZAPATARI MARKAKO OINETAKOAK NATURALAK, IRAUNKORRAK ETA MALGUAK DIRA. BAINA EZ HORI BAKARRIK. BEREN HISTORIA EZAGUTUTAKOAN, NORK, NON ETA NOLA EGINAK DIREN, MAGIKOAK ERE BADIRELA SENTITU DUGU ETA POZ-POZIK GABILTZA ZAPATA BERRIAK JANTZITA. ERASOKO TAILERRA ETA LARRUAREN TXOKOA BISITATZEA ESPERIENTZIA ZORAGARRIA DA.

Imotz deskubritzeagatik bakarrik merezi du bisitak. Hain zuzen ere, gaur Xenden Eguna da bertan, zortzi herriz eta 450 biztanlez osatutako Nafarroako bailara ezagutzeko aukera aparta. Hiru ibilbide proposatzen dituzte horretarako, luzea, ertaina eta laburra, baita besta giroko ekintzak ere, artisautza azoka barne. Han izanen da Zapatari.

Latasa aldetik iritsi gara Erasora. 40 biztanleko herriaren sarreran dago Xabier Iturriotz eta familiaren etxea, Larrañeta izeneko lurretan. Etxe ondoan Larruaren Txokoa eraiki dute, aurki inauguratuko duten espazioa. Ipuinetakoa dirudi.

Masusta artetik jaitsi gara. Lurrean sagarrak daude biltzeko. Oiloak libre dabiltza, ahate kumeak segika dituztela. Urmaeletan daude bertze ahate batzuk. Lasai ageri dira baina begi bistakoak dira zapelatzak bezperan egindako sarraskiaren aztarnak: ehizatutako ahateen lumak. Oilo batzuk inkubatzen ikusi ditugu, oilategi txikien barrenean, txiten ondoan, edo eurek aukeratutako txokoan, zapatariak kartoi batekin babesten duen mahai baten azpian adibidez. Gauero atea itxita egiten dute lo oilo eta ahateek, azeria inguruan ibiltzen baita.

Zapatariaren tailerra lastozko etxola bat da, lokatzarekin luzitua. Eguzki lore bat du atean. Teilatuan artilea du eta kartoizko kortinak ditu. Udan fresko mantentzen da eta neguan aski da berogailu ttiki batekin. Sentsazioa goxoa da barrenean. Karmele del Rio bazkideak eta Jaione Goñik Iruñeko Arrotxapeko denda-tailerrean (Tomas de Burgi, 2) mozten dituzten larru puskak hona ekarri, eta sandalia, zapata eta botak egiten ditu Iturriotzek.

Legorretakoa da bera. Emaztea irakaslea du, Iruñekoa, eta Irurtzungo eskolan ibili zenean ezagutu zuen Imotz bailara. Zapatariari ere tira egiten zioten mendiak eta basoak eta lur hauek erosi zituzten Erason 1998an. Sagarrondo eta pinu batzuk baino ez zeuden eta poliki-poliki joan ziren eraikitzen. «Hasieran Iruñean egiten nuen lan. Orain astean bi aldiz joaten naiz. Hemen lan egitea lortu dut eta hobeto bizi naiz. Gosaldu eta lantegia bertan dut. Lan pixka bat egin eta gero hamaiketakoa hartzen dut. Ez dut lanerako nagirik ere», aitortu du.

Eskoletako umeentzat

Bigarren etxola egurrezkoa da. Teilatu berdea du eta artilearekin isolatua dago. Mahai luze bat du barrenean, inguruko eskoletako umeek eskulanak egin ditzaten. Nahiz eta oraindik ez inauguratu, jada etorri dira haur batzuk eta primeran pasatu dute larruzko lepoko eta gerrikoak egiten. Etxolen arteko plazatxoan animaliekin ere bai.

Lastozko bertze etxola batean instrumentu tailerra du bertze artisau batek, Unai Otegik. Txirulak eta okarinak egiten ditu.

Azken eraikina, berriena, Larrañeta Borda da, Larruaren Txokoaren interpretazio zentroa. Asteleheneko bero kolpean 21 gradutan mantendu zen beheko partea lastozkoa eta egitura egurrezkoa duen borda, auzolanean egin zutena. «Guk ez dugu eskatzen baztertzeko, are gutxiago mozteko beste lorerik, gurea bizirik uzteko baizik», Jose Migel Barandiaranen esaldia du atarian idatzia.

Proiektuak hiru xede ditu: alde batetik, haurrei larruaren mundua erakustea; bertzetik, zapatak erostera datorren bezeroari «lekutxo bat» eskaintzea, probatzeko, gustura egoteko eta egitasmoa ezagutzeko. Bailarako herritarrentzako zinema ere jarri dute goiko pisuan. “Amama” eman dute berriki eta solasaldia egin dute nekazaritzaz.

Elkarrizketan gaudela, eskoziar bat etorri da, bailarako herritar batekin. Sandalia erraldoiak daramatza, hagitz kuttunak, eta oin zabalak dituenez bere neurriko zola eskatu dio zapatariari. Topatu dio eta gustura gelditu da gizona. Guregana batu dira biak eta jakin-minez aditzen dituzte azalpen guztiak. Musika jarri du anfitrioiak eta Unai Otegirekin batera egiten hasi den garagardoa zerbitzatu digu.

Horia, katalanei keinua

Bartzelonan, Igualadan erosten dute larrua, landareekin ondua. Arnedon eta Palentziako Villarramielen ere bai. Behiarena erabiltzen dute eta forrurako txerriarena. Iaz grisa ekarri zuten aunitz eta aurten pistatxo antzeko horia, «katalanekin elkartasunez». Xabier Iturriotzek kontatu digunez, urtean sei bat aldiz joaten dira. «Hogei urte daramagu eta ongi saltzen dugu. Hona ere batzuetan bezero katalanak etortzen zaizkigu».

Zapatari oinetakoak sanoak, naturalak eta malguak dira. Hamar bat urteko bizia izaten ahal dute eta larru usaina izanen dute beti, ez izerdiarena. Badituzte bezeroak zapata hauek soilik erabiltzen dituztenak. Sandaliek 48-55 euro balio dute, zapatek 88 eta botek 88-90. «Osasuna hanketatik hasten da, nahiz eta dentistak esango dizun ahotik hasten dela, eta oso inportantea da jakitea jantzita daramatzazun oinetakoen historia», dio bizi oso bat honetan daraman zapatariak eta bezeroen harrera onak eta fideltasunak pozez betetzen duenak. Aita zapataria zuen eta harekin eman zituen lehen pausoak Legorretan. Gasteizen eta Iruñean ibili zen gero.

Erason edo Iruñean ezagutzen ahal duzu Zapatari. Azoka aunitzetan ere bai. Araia, Manurga (Zigoitia), Legazpi eta Ordizian ditu hurrengo feriak.