Alazne Basañez
Kazetaria
IKUSMIRA

Gertaera pare bat, galdera ugari

Aurreko asteburuan informatiboetako gai nagusi bilakatu ziren gai pare baten inguruko erpin ezberdinak eta horiek sorrarazitako erantzunak gogoratzea proposatzen dizuet. Opor abuztu sargoritsua dela jakinda, normaltasunarekin apurtzeko unerik egokiena ere badela jabetuta, abortuaren zein haur txikien inguruan sortutako “berriek” eragindakoaren inguruan hausnartzea planteatzen dizuet.

Alde batetik, Argentinako Senatuak abortuari jarritako betoarekin esnatu ginen ostiralean. Egun berean, egunero egiten diren milaka abortu klandestinoen ondoriozko azken-aurreko emakume heriotzaren berri ere jakin genuen. Liliana Herrera zuen izena: 22 urte zituen eta adin txikiko bi umeren ama zen. Eskuineko indarrak eta eliza nagusitu dira berriro ere Argentinan, 1921. urtean onartutako legea indarrean mantentzeko. Emakumearen sexualitatea, gorputza, euren esanetara menderatzea dute helburu.

Bestetik, larunbatean, Yemenetik izan genuen heriotzaren berri; umeak ziren tartean oraingoan ere. Saudi Arabia –Borboien lagun minen erreinua– lider duen koalizioak eskola autobus bat bonbardatu zuen. Gurutze Gorriak emandako datuen arabera, 40 ume hil ziren. 2015etik hona, 2.400 haur hil dituzte Yemenen. Zalapartarik horren inguruan? Elizaren eta bizitzaren defendatzaile izendatzen direnen inolako hotsik entzun al duzue?

Mediterraneoan erreskatatutakoei Europako ateak zabaltzeko erromeria ere izan dugu asteburuan. Bizi ugari daude jokoan. Zer entzuten da horren inguruan? Nork esanda?