Egokitzapen prozesua
Aitortu behar dizuet duela hilabete desiratzen nengoela gure haur txikia ikastolan has zedin. Andereño, maisu eta gelakideekin lehen esperientzia izatekotan zen, oraindik haurtzaindegiko trikimailuak ezagutu gabea baitzen.
Ezin dut ukatu azken bi urteotako goiz guztiak –eta arratsaldeak, laneko jaiegunetan– berarekin pasatzea sekulako esperientzia polit, eder eta aberatsa izan dela. Baina oso neketsua ere izan dela onartu behar dizuet, baita aspergarria ere momentu batzuetan –irudimenak ez du beti funtzionatzen, are gutxiago euria egiten duenean!–. Zaintzak nire gauzak egiteko denbora kentzen zidala ere ukaezina da. Kirola egitea, gitarra jotzea, liburu bat edo egunkaria irakurtzea, musika entzutea, etxeko lanak edo erosketak lasai eta distraziorik gabe egitea... zerrenda luze bateko jarduera gutxi batzuk besterik ez dira.
Ikastolan gurasoekin egindako bileretan, egokitzapen prozesuaz hitz egin ziguten. Nire kasuan, hiru urterekin hasi nintzen haur hezkuntzan eta garai hartan ez zegoen halakorik. Lehen egunean beste gelakideak kontsolatzen aritu nintzela gogoratu didate egunotan gurasoek. Eta nik, harrituta, barre egin dut.
Kontuak kontu, gure haurra egokitzapen prozesuan dago orain, eta uste dut ez daramala oso ondo. Ordu batzuen buruan bere bila itzuliko naizela esateak ez dio mesede egiten eta negar betean dela agur esateak bihotza hausten dit. Beste ume batzuek ere negar egiten dutela ikusteak kontsolatu egiten nau, baina ez guztiz. Orain, nire gauzetarako denbora dezente dudala, benetan faltan botatzen dut berarekin egotea. Nik ere egokitzapen prozesua behar dut...