Hamar urte barru
Hiru eta bost urteko nire ilobek neuk baino askoz ere trebezia handiagoz erabiltzen dute sakelako telefonoa, hatzaz ezkerrera-eskuinera-gora-behera eginez bikain dakite non topatu ikusi nahi dutena. Liluratuta geratzen naiz haiei begira; gero, pentsatzen hasten naiz urte batzuen buruan nerabeak izango direla. Orduan, lilura estutasun huts bihurtzen zait, irudikatzen hasten bainaiz hamar bat urte barru nolakoa izango den jendarte gero eta teknologiko hau, gero eta sozialki saretuagoa, gero eta konektatuagoa, besteekin harremanetan egotea baldin bada besteari zerbait esan nahi eta, hura bilatu ordez, aurrez aurre egoteko, whatsappak bidaltzen aritzea, onerako zein, bereziki, txarrerako (badirudi zenbait hitz pantaila batean belarrietan baino eramangarriagoak direla, ez hain mingarriak edo).
“Izeberg digital matxista” ikerketak aditzera emandako datuak irakurrita, alegia, mezu eta irudi matxistak, emakumeontzako laidogarri hutsak, barra-barra dabiltzala hara eta hona nerabeen sare sozialetan, eta neska gazte askok eta askok jazarpen gehigarria jasaten dutela, kalekoaz gain Internet bidezkoa, iloba biak hartu eta beste planeta batera joateko gogo bizia sartzen zait. Ez dut nahi etorkizun hurbilean halakorik sufritzea, inork haragi-puska lez tratatzea, inongo gizonen konplexu edota frustrazioen jomuga bihurtzea; bizia emango nuke ez dezaten ikasi (haiei ez gertatzeko) zenbait berbek beti egiten dutela min, dela pantaila batean ikusita, dela belarrietan barrena sartuta. Bihotza berdin uzkurtzen da.
Beste planeta baterako bidaia ez dugunez aukeran, hemengoaz borrokatu behar gara, eta gogor etengabe, gainera, hori argi dago. Horretan ari gara, hain zuzen, gure ondorengoak hezteko moduak eraldatzen, sexismoa zer den, nola egikaritzen, zabaltzen eta transmititzen den nerabeen mahai gainean jarriz, ohar daitezen, gogoeta egin dezaten, antzeman eta bazter dezaten, ez dezaten sekula onartu. Ez mutikoek, ez neskatoek. Egun, pertsonon arteko berdintasuna erdigunean dugu, helduok eta gazteek, eta nago ondo bidean goazela, hainbeste mezu txar edota etsigarri artean badago-eta onik: «Neska gazteek landuago dituzte diskurtsoak eta jarrera feministak». Etorkizunean, ez urrunegian, jendartea egundoko emakumez josita irudikatzen dut, oraindik izango diren matxistei txintik ere onartuko ez dietenez… Orduan, apur bat lasaitu, eta ilobei liluraz begira segitzen dut, pentsatzen hamar urte barru zer-nolako gauzez hitz egingo dugun.