«Japoniarren bidea» egun bakarrean, eta kasualitatez
Joan den irailaren 29an, Bru Busom, Marc Toralles eta Roger Cararach katalanek Grandes Jorasses-eko ipar horman dagoen bide hori (1.150 m; VI, 6, 6a A172) eskalatu zuten. 1972. urtean japoniarrek zabaldutako marraren errepikapen bakanetarikoa da.
Roger Cararach dugu berriro protagonista. Iragan astean aipatu genuen Alberto Fernandez eta Gorka Lertxundirekin Grandes Jorasses-eko ekialdeko aurpegian “Groucho Marx” bidea eskalatu zuela. Bada, handik bi astera, Bru Busom eta Marc Torallesekin mendiaren ipar hormako “Japoniarren korridorea” igo zuen. Bitxia bada ere, esan dezakegu kasualitatez eskalatu zutela; izan ere, hirukote katalanaren helburua “Directe de l´Amitie” bidea zen.
Azkenean, baina, eguraldiaren iragarpena aldatu eta ezin izan zuten helburu hori bete, eta irtenbide azkar bat bilatu behar izan zuten. “Japoniarren korridorea” oso lehor zegoen, baina marra horretan sartu eta egun bateko jardunean tontorra jo zuten, joan den irailaren 29an.
Katalanek igo duten bide horrek historia berezia du. Bost lagunez osatutako talde japoniar batek zabaldu zuen 1972. urtean, estilo astunean zabaldu ere; izan ere, jardunak 32 egun eskatu zizkien. Era batera edo bestera esanda, Grandes Jorasses-eko ipar paretaren erdiko korridorea da; hots, Walker eta Whimper tontorrak erdibitzen dituena.
Bestalde, harrigarria bada ere, azken bost hamarraldiotan bide horrek ez ditu hamar igoera baino gehiago izan. Lehen errepikapena 2008an izan zen, eta egun batean eginiko lehen eskalada, duela lau urte. Bada, datu horiek kontuan hartuta, katalanek “Japoniarren korridorea”-ren (1.150 m; VI, 6, 6a, A1/2) errepikapen bakanetarikoa lortu dute; gainera, egun bakarrean.
Harrigarriena da eskalada horrek oihartzun zabala izan duela; izan ere, mundu zabaleko hedabide askok jaso dute albistea. Cararachek berak ere bere harridura adierazi dio GARAri: «Guk ere flipatu dugu, besteak beste, bide hori ez genuelako ezagutzen. Uste dut ekialdeko aurpegian Gorka eta Albertorekin eskalatu nuen bidea gogorragoa dela. Baina, era berean, ez da hain mediatikoa; ia inork ez dio garrantzirik eman. ‘Japoniarren korridorea’-rekin gerta daiteke denboraldi honetan ipar hormak oso-oso igoera gutxi izan dituela. Agian horregatik izango du gure jarduerak jarraipen zabal hori».
Arestian aipatu dugun bezala, hirukotearen asmoa beste bat zen. Eta horren inguruan Cararachek hau adierazi digu: «Berez, ‘Directe de l´Amitie’ eskalatu nahi genuen, baina Martin Eliasek esan zigun ipar paretaren baldintzak lehorrak zirela, eta ziur aski bi bibak egin beharko genituela. Eta zailena eroria duen murrura iristea izango zela, besteak beste, paretaren sarrerak baldintza txarrak zituelako. Hainbat argazki aztertu ondoren, bidearen zailtasunetara heltzeko ezkerretara dagoen korridore bat hartzeko aukera genuen, eta ondoren zeharkaldi bat».
Irailaren 28an, paretaren oinarrira heldu eta atseden hartu zuten. Biharamunean, goizeko ordu bietan lehen urratsak egin zituzten. Glaziarraren egoera txarrak eta bi errimaiak gainditzeko zailtasunek denbora asko kendu zieten: «Elurrezko aldatsa bertikala zen, uste genuena baino tenteagoa. Eta, gainera, elurra izan ordez, izotz beltzarekin egin genuen topo. Soilik hiru torloju eraman genituen, eta horrek zatiren bat arriskutsuegia bilakatu zuen. ‘Directe de l´Amitie’-ra iristeko ikusi genuen zeharkaldia zaila iruditu zitzaigun. Zeharkaldiaren lehen luzea egin eta gero, Rogerrek esan zuen jarraitu aurretik eguraldiaren iragarpena ikusi behar genuela. Biharamunerako ekaitza eta euri asko iragarri zuten. Hainbat aukera aztertu ondoren, azkarrago ibiliko ginelakoan, diedro batetik jarraitzea erabaki genuen. Une horretan, Bruren ustetan japoniarren bidean ginen, baina ez zuen oso argi. Maniobra horiengatik denbora asko galdu genuen».
Hautsita zegoen arrokan hainbat luze egin eta beste lau luze zituen goulotte batera heldu ziren. Gaua igarotzeko erlaitz baten bila jardun zuten, baina hori lortzea ezinezkoa egin zitzaien: «Mistoko luze zail batzuk gainditu genituen. Leher eginda geundenez, gogorrak iruditu zitzaizkigun. Gauak harrapatu ondoren, azken luzeei ekin genien. Oso arriskutsuak izan ziren; izan ere, geure burua babesteko apenas izan genuen aukerarik. Ez dut uste erorikoren bat geldituko luketenik. Azkenean, paretaren amaieran dagoen serac-era iritsi ginen. Wimper gailurrera joan ginen, bibak on bat ezagutzen nuelako. Goizeko ordu bata zen. Gogorrena bilguneetan igarotako denbora izan zen. Horietako asko zintzilik egin genituen».
Irtenbide agerikoena
Jaitsiera luzearen ondoren, hirukotea Chamonixera heldu zen. Eta garagardo batzuk edaten ari ziren bitartean, iragarritako ekaitza lehertu zen.
Hirukote katalana pozarren zegoen eginiko lanagatik. Nahiz eta helburua “Japoniarren korridorea” ez izan, Cararachek adierazi du lan ederra egin dutela: «Esan behar dut hirurok ala hirurok sasoiko geundela. Uda osoan Alpeetan mendi gida lanetan jardun dugu. Tira, Bru praktiketan zegoen. Beraz, girora ondo baino hobeto egokituta geunden. Marc eta biok elkarrekin asko eskalatzen dugu, eta Bru sokakide izatea eskertu dugu. Gu baino gazteagoa da, eta bikain eskalatzen du. Horretaz gain, burua bere lekuan du; oso-oso mentalitate ona dauka. Nahiz eta sokadako kide gazteena izan, luze gogor zein arriskutsuetan sokaburu joaten da. Oso motibatuta dago, eta arriskutsuak diren sekzioetan ondo baino hobeto moldatzen da».
Zalantzarik gabe, alpinista katalan hauen sasoia bikaina baino bikainagoa zen. Eta hori diogu “Japoniarren korridorea” ezagutu gabe, oharkabean han sartu eta hura egunean bertan eskalatu zutelako: «Finean, arestian esan dizudan bezala, bide hori ihes egiteko irtenbide bat izan zen. Onartu behar dizut marra hori ez nuela ezagutzen. Lehen aldiz handik irtetean krokis batean ikusi nuen. Batzuetan horrelako egoera bitxiak gertatzen dira: bide batean sartu (zure helburua dena), zailtasunak hasi baino lehen eguraldiaren iragarpena aldatzen da eta ahal zen azkarren marra agerikoenetik irten ginen».
Bidearen inguruan eta haren zailtasunen inguruan, Cararachek honako hau gehitu du: «Kanal batek eta artesi sistema batek osatzen dute. Guk den-dena oso lehor aurkitu eta librean eskalatu genuen. Ez dakit zein zailtasun gainditu genuen; izan ere, une batzuetan eskuekin eta beste batzuetan pioletekin eskalatu genuen. Eta, jakina, kranpoiak jarrita. Bidearen lehen zatia Marcek sokaburu egin zuen. Bi errimaia gainditu zituen. Soilik hiru torloju eraman genituenez, Marcek luze oso arriskutsuak eskalatu zituen. Ondoren, sokaburu jartzen zen bakoitzak hiru luze eskalatu zituen. Bidea hain lehor egoteak alde on eta txarrak izan ditu. Elurrean zein izotzean hanketako muskulu bikiek asko sufritu zuten, eta arrokan kranpoiekin eskalatzea lan nekeza da. Baldintza horiengatik guztiengatik ezin dut zehaztu ze gradu egin genuen. Eskuekin eta kranpoiekin eskalatzen baduzu zaila da definitzea ze gradu egiten ari zaren; bederen, ez ginen artifizialean igo».