Andoni ARABAOLAZA
Eskalada

Bi bide berri zabaldu dituzte Ansoko paretetan

Patricia Viscarret, Mikel Perez de Larraya eta Alberto Urtasunen obrak «Sindrome Nibariano» eta «Xabi Rekarte» dira.

Hainbat luzetako bideak zabaltzen jarduten duten eskalatzaileak maiz azaltzen dira orriotan. Azken protagonistek Madalenaitzen eginiko lana aurkeztu ziguten. Hurrengo lerrootan, berriz, aurrekoen lekukoa hartu eta beste bi protagonistek pare bat sormen lanen berri emango digute.

Lehena irakurlearentzat ezaguna da. Alberto Urtasuni buruz ari gatzaizkizue. Nafarrak Euskal Herrian, Pirinioetan, Mallorcan eta munduko beste hainbat txokotan ireki dituen makina bat proposamen aurkeztu dizkigu. Beraz, lan hauetan beteranoa dugu.

Bigarrena, berriz, gaztea da: Mikel Perez de Larraya. Hau ere nafarra. Gaztea dela aipatu dugu, bideak zabaltzen nahiko hasiberria. Baina jardun horietan hasi denetik, aitor dezakegu ibilbide oso interesgarria izaten ari dela.

Bada, eskalatzaile beteranoak eta gazteak indarrak batu dituzte. Protagonistok sona eta mugimendu handia duen Ansoko paretetan egon dira; etxetik gertu dituzten hormetan. Horietako bat begiratu, aztertu eta joan den udaren amaieran bi marra berri sortu dituzte.

Urtasunek aurreratu digu Pared del Paso izenekoan jardun dutela. Eta han "Sindrome Nibariano" bidea zabaldu dute: «Oso zehatza ez den espoloi itxurako ibilbidea duen ‘Brisas Perfumadas’ marraren eskuin aldera dago. Bide hau irekitzen, Mikelek eta biok azken hiru uda hauetan jardun dugu. Denera, zazpi luze ditu. Eta sekzio edo tarte batzuetan arrokaren kalitatea bikaina da. Zabaltzeko estiloari dagokionez, esan behar dizut mistoa dela. Hots, plaketan paraboltak jarri ditugu, baina norberaren burua babesteko zatietan totemak eta fisureroak erabili behar dira; sorta oso bat, alegia».

“Sindrome Nibariano” bideak zazpi luze eta 230 metro ditu. Zailtasun teknikoei buruz, gehienez 7a+/b eskalatu behar da, eta halabeharrez 6c. Hain zuzen, Urtasunek zailtasun handiena duen luze hori azpimarratu nahi izan du: «Plaka oso teknikoa da, eta ondo baino hobeto mugitu behar zara. Laugarren, bosgarren eta seigarren luzeak ere oso onak dira. Hauek ere kalitate handia duten plakak dira. Bestalde, ohartarazi behar dut erlaitz batean edo bestean bloke solteren bat badagoela. Nahiz eta bide osoa ondo garbitu dugun, bloke horiekin arretaz ibili behar da. Bide beretik jaits zaitezke; horretarako, hiruzpalau rappel egin behar dira».

Oroimenez

Bigarren sormen lanari dagokionez, aurreratu behar dugu taldera Patricia Viscarret batu zela. Hiruko sokada honek “Xabi Rekarte” bidea zabaldu du. Urtasunek esan digu lan horrek osagai berezia izan duela: «Erratzuko mendizale Xabi Rekarteren omenez sortu dugu. Duela pare bat urte zendu zen, eta marra horrekin gure omenaldia egin nahi izan diogu».

Bide berria aurrekoa baino motzagoa da. 130 metro eta lau luze ditu. Baina zailtasun teknikoei begiratzen badiegu, zaila dela ondorioztatzen da. Bidearen luze gogorrena 7b+/c (?) da, eta halabeharrez 6c gradua gainditzea eskatzen du.

“Xabi Rekarte” bidea laburra bada ere, Urtasunek gogorarazi nahi digu ederra dela: «Kalitate handiko perla bat da. Eta hori diot kareharri aparteko plaka trinkoak eskalatu behar direlako. Plakak aipatu ditudanez, esan behar dut bide ia osoa paraboltekin ekipatu dugula; izan ere, arrokak autobabeserako aukerarik ez du ematen. Alabaina, totem sorta bat (laranja kolorea arte) eman behar da».

Arestian aipatu dugu bidearen zailtasun gorena 7b+/c dela, eta horri galdera ikur bat jarri diogu. Horrek esan nahi du gradu hori duen bigarren luzeari oraindik puntu gorria ez diotela jarri. Luzeen ezaugarrien inguruan, nafarrak gehitu du lehen hirurak plaka etzanak direla, eta laugarrena espoloi txiki baten izkinatik doan artesi bat. Laugarren hau autobabestu behar da. Azkenik, 60 metroko bi rappelekin bidearen oinarrira jaisten da.