IñAKI BERNAOLA
Irakasle erretiratua
GUTUNAK

Batuera baliagarria ez ote?

Arantzatzuko Kongresuaren berrogeita hamargarren urteurrenaren haritik, ugaritu egin dira euskara batuaren inguruko artikuluak, aipamenak, debateak... eta, aldi berean, aspaldiko kezkak, aurreiritziak eta mamuak azaleratu dira beste behin: batuaren eta euskalkien artekoa, batuaren ezegokitasuna testuinguru informaletan, batueraz euskaldundu direnen akatsak euskaraz moldatzeko era «naturalean», eta nahi den beste.

Bizkaiko euskaldun berria nauzue, bi irakasleren seme eta neu ere irakasle. Hala, urte askoan sinetsita izan nuen nire ama-hizkuntza gaztelania zela, harik eta egun batean, zergatik jakin gabe, ohartu nintzen hori ez zela egia osoa: gaztelania bai, baina ez edonolakoa, gaztelania “jasoa” baizik.

Gaztelania jasoa erabiltzen zuten nire gurasoek; gauza bera gainerako senideek; zer esanik ez, bizitzan zehar irakasle izan nituen guztiek. Eta, era berean, gaztelania jasoa izan da neure bizitza osoan erabili izan dudana. Ez zen, beraz, harritzekoa euskaldundu nintzenean euskara jasoa erabiltzen saiatu nintzela, gauzarik naturalena bailitzan.

Horren ondorioz, aitortu egin behar beti moldatu naizela askoz hobeto testuinguru formaletan informalean baino. Aitortu egin behar dut, baita ere, gaztelaniaz mintzatzean nire hizkerak ez duela inolako antzik andaluziar batzuen gaztelania “graziosoarekin”, edota nire amaginarreba zena bezalako gaztelar zahar batzuen hizkuntza sakonarekin, mendeetako herri-jakintzak moldatua eta edertua.

Urteak joan urteak etorri, gaztelania eta euskara jasoak erabili izan ditut bizitzan une oro, hurbil zein hain hurbil izan ez ditudan pertsona guztiekin. Eta esan egin behar dut gabeziak gabezia, akatsak akats, orain arte komunikatzeko ahalmenak ez didala behin ere huts egin.

Akaso testuinguru informaletan, hizkuntza batean zein bestean, ez dut izango aparteko trebeziarik. Baina hori ez da hizkuntzaren arazoa, neurea baizik.