Andoni ARABAOLAZA
Eskalada

Atxeriton eta Mallorcan sorkuntzari ateak zabaltzen

Ekaitz Maizek «Iraultza gorria» eta Eneko eta Iker Pouk «Kolpez Kolpe» eta «Babe Magnet» ireki eta kateatu dituzte.

Orriotako irakurleek ondo dakiten bezala, Ekaitz Maizek eta Eneko eta Iker Pou anaiek zailtasuneko bideetan gogor estutzeaz gain, beraien ADNan leku berezia du sorkuntzak. Eta hori erakusten hainbat eta hainbat urte daramate. Interes hori ez dela apaldu argi eta garbi utzi dute azkenaldion zabaldu eta kateatu dituzten bideekin.

Maizek Atxeriton jarduten zuen bitartean, poutarrak Mallorcan izan dira. Nafarrak mendi horren mendebaldeko aurpegian “Iraultza gorria” (8b, 200 m) sortu du. Gasteiztarrek, berriz, Mallorcan “Kolpez kolpe” (7c+/8a) eta “Babe Magnet” (8a+, 200 m).

Hirukote honek, beraz, ezaugarri komun bat du, sorkuntza, eta bada beste eite bat ere elkartzen dituena: zabaltzeko estiloa. Hots, behetik hasita eta ukitu alpino batekin. Irakurtzen den bezala, eskalatzaileok ireki eta kateatu dituzten marrak ez dira oso luzeak. 200 metro dituzte, eta zailtasunean gogorrak dira.

Hasteko eta behin, Maizek “Iraultza gorria” aurkeztuko digu. Asier Luke kidearekin batera, Atxeritoren mendebaldeko aurpegian sortu du. Lan horretarako bi egun behar izan zituzten. Aurtengo udaran, berriz, Maizek puntu gorria jarri zion.

Etxauriarrak aurreratu du nola sortu zen “Iraultza gorria” zabaltzeko asmoa: «Ansabereko orratzetan eskalatzetik bueltan ginela, Atxeritoren mendebaldeko eta iparraldeko paretak ikustera hurbildu ginen. Lehen hormak harrapatu gintuen, besteak beste, pareta zeharkatzen duen artesiak eta haren ezkerrera dagoen kolore gorriko plaka ikusgarriak. Gutxira, aipaturiko artesi handi hori Mikel Zabalzarekin zabaltzera itzuli nintzen. Baina esan ziguten Christian Ravier eta Christian Desbatsek 1998. urtean ireki zutela: ‘Ni Dieu ni maitre’ (6c, 200 m)».

Alabaina, berri horrek ez zituen nafarraren gogoak apaldu. Eta hilabete batzuetara, Luke alboan zuela, kolore gorriko plakak zer ezkutatzen zuen ikustera abiatu zen. Ikusi eta sartu, finean, hori baita sokada horrek bilatzen zuena.

Lehenbiziko luzea, plaka horretara eramango zuena, iltzeekin, fisureroekin eta friendekin zabaldu zuten: «Erori pixka bat zuten artesi batzuek plakaren sarrerara eraman gintuzten. Arrokaren kalitatea bikaina baino bikainagoa zen. Bavaresa eder bat hartu eta erlaitz txiki batean amaitu genuen. Bavaresa eskalatu ondoren, kolore griseko arroka trinkoak kolore gorrikoari lekukoa pasa zion; azken honek, hatzak sastatzen zituen. Luze hau aztertu ondoren, ohartu nintzen kosta egingo zitzaidala. Pixkaka metroak eskalatu eta aurreikusi nuen baino txapa gehiago sartu nituen. 30 metro eskalatu ondoren, sastatzen zuen helduleku bat hartu, ezkerreko oina igo eta hura eusten zuen heldulekua puskatu eta erorikoa izan nuen. Eskuin eskua ez askatzeko borrokan arrokak zuen ‘arantza’ batek hatz luzearen falangea altxatu zidan».

Ezbehar horren ondorioz, sokadak jaisteko erabakia hartu zuen. Lana erdizka utzi zutenez, aste batzuk igaro eta Luke eta Maiz Atxeritora itzuli ziren. Aldez aurretik eginiko garbiketaren ondoren, lehen bi luzeak azkar igo zituzten.

Hirugarren luzean ziren, hau da, bidearen giltzan: «Erori nintzen lekuraino txapaz txapa joan nintzen. Luze hau oso intentsua da, eta 55 metro eskalatu eta gero, erlaitz handian bilera atondu nuen. Laugarren eta azken luzea, berriz, motza da. Agerikoa den kanal erraz batetik gailurra zapaldu genuen».

“Iraultza gorria”-ri forma eman ondoren, hura kateatzea falta zen. Eta lan hori Maizi egokitu zitzaion: «Eguraldiari dagokionez, egun perfektua zen. Pentsamendu guztiak hirugarren luzean kokatuta zeuden. Mugimendu atletikoak ditu, gehienak erregeleta txikietan. Luzearen erdian nahiko nekatuta nengoen, baina hura askatzea lortu nuen».

Mallorcan, bi

Bien bitartean, Pou anaiek Mediterraneoko uharte horretan jardun dute. Ez da lehen aldia, eta badirudi ez dela azkena izango. Sa Roqueta izeneko alderdian bi proposamen berri sortu dituzte: “Kolpez Kolpe” eta “Babe Magnet”. Biak ala biak 200 metro luze dira, eta zailtasunean gogorrak.

Gasteiztarrek azken eite horri garrantzia eman diote, baina are gehiago zabaldu duten estiloari: «Uste dugu bi bide horiek buruari asko eskatzen diotela. Fisikoki oso zailak dira, pareta batean zortzigarren graduko pausoak baitituzte. Baina hori zama psikologikoarekin ezin da alderatu. Paraboltak bata bestetik oso urrun daude. Horrekin esan nahi dugu metro batzuetako balizko erorikoak daudela. Eta, beraz, eroriko bat ez da aukera ona».

Maizek bezala, poutarrek ere bi marra horiek sortu eta haiei puntu gorria jarri zieten: «Adrenalina itzalita ez genuela, barre eginez, elkarri gogorarazi genion beldur asko pasa genuela. Horregatik guztiagatik, uste dugu bi bide hauek ez direla asko errepikatuko. Zailtasun tekniko horiek gainditzeko badira eskalatzaile batzuk-batzuk. Baina aurreratu behar dugu ez dela gauza bera zazpigarren edo zortzigarren graduko luze bat egin txapa belaunaren ondoan duzula edo oinetatik sei metrora duzunean».

Bestalde, “Kolpez Kolpe” eta “Babe Magnet” sortu eta kateatu ondoren, eskalatzaileok uste dute lan ederra egin dutela: «Geure etxetik ez daude hurbil, baina geuretzat garrantzi bera dute. Bi marra hauek geure ibilbidean zabaldu ditugun onenetarikoak dira. Oso onak izateaz gain, eskalatzeko zailak dira. Beste era batera esanda, oso harro gaude eginiko sorkuntza lan horrekin».

Azkenik, protagonistok onartu dute epe laburrera errepikapen asko aurreikusten ez badituzte ere, horrek momentuz garrantzi handirik ez duela: «Belaunaldi berriak indartsuago zein sasoikoago iritsiko dira. Hurrengo urte eta hamarkadetan eskalada hazi egingo da, eta uste dugu, orduan bai, bi bide hauek errepikapen gehiago jasoko dituztela. Gu, bederen, ingurumari honetara berriro itzuliko gara».