Hanako
Trenean ezagutu nuen. Menditik bueltan gindoazen biok. Motxila bizkarrean, eta irribarrea aurpegian, minutu pare bat nahikoa izan zituen ohiko «where are you from» galdetzeko.
Duela hilabete gertatu zen, Japonian. Ordubete inguru egon ginen elkarren ondoan eserita eta azken asteotan behin baino gehiagotan akordatu naiz haren begi biziekin. Bere herrikide askok baino ingeles hobearekin –ez nion galdetu non ikasia zuen– bere senarraren eta alabaren berri eman zidan. Bere lagunak ere aipatu zizkidan. Haiekin zihoan bueltan Tokiora, etxera.
Bueltan, nire bizitzari buruzko zertzeladak eskatzen zizkidan. Eta hizkuntza dela-eta ez atzera ez aurrera geratzen baginen, sakelakoan bilaketa di-da egin eta gure hitz-aspertuak aurrera jarraitzen zuen. Bat-batean, motxila ireki eta bere «altxorra» erakutsi zidan. Akuarelaz margotutako paisaia ederrak zituen kaierean. Nik «artista zara» esan eta hark, lotsatuta, «ez, ez, hobbya besterik ez da». Margoak banan-banan erakutsiz, azken hilabeteotan egindako txangoen nondik norakoak azaldu zizkidan.
Kontraste handikoa da Japonia, eta muturreko irudiak erretinan ditudala itzuli naiz. Ordena, kaosa, lasaitasuna, eromena, denak batera. Kultura ezezaguna bezain erakargarrian sakontzeko gogoa piztu zidan, nahiz gazteak globalizazioaren zurrunbiloak irentsita ikusi nituen. Helduek bai, haiek erakusten zuten aparteko nortasuna. Eta bereziki adineko emakumeengana joaten zitzaidan begirada kalean.
Pozik, patxadatsu, adeitsu, eta jakin-minez eta bizitzeko grinaz gainezka. Handitzen naizenean zu bezalakoa izan nahi dut, Hanako.