A. G.
NBA

Arvydas Sabonisen seme gazteenak izen propioa irabazi du saskibaloi munduan

Atseden hartu berri du NBAk Thanksgiving eguna dela-eta, ohi duen legez. Hala ere, munduko saskibaloi ligarik onenak hainbat istorio ditu ezkutuan, edo ez hainbeste.

Duela hiru urte Oklahoman Arvydas Sabonis handiaren seme gazteenak, Domantasek alegia, NBAn debuta egin zuen. Urte zail baten ostean, Indianara joan zen Victor Oladiporekin batera, eta biek egin zuten gorantz. Oladipo izar bat da, baina «Domas» bera ere aitaren semea baino askoz gehiago bilakatu zen. Eta are gorago begiratzen du bere hirugarren urtean, seigarren jokalari onenaren saria –aulkitik kantxara joaten den lehenengo ordezkoa– irabazteko hautagaien artean dago.

Indiana Ekialdeko Konferentziako laugarrena da, 11-7 balantzearekin. Sabonisek 17 partida jokatu ditu, ia 25 minutu bakoitzean, eta 14 puntu, 9 errebote eta 3 asistentzia lortzen ditu batez beste, eta bere jaurtiketen portzentajea %69an finkatu da.

Ez da bere aitaren 2,20 metroko neurrira iristen, baina 2,08rekin hegal-pibot zein pibot postuan aritu daiteke, mugikortasuna eta indarra uztartzen baititu. Small ball joko bizkorra maite du Indianak, baina Domasek badu lekua aurten play offetan goraino iritsi gura duen talde honetan.