Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA - ACB LIGA

Valentzia, bisitaleku txarra inondik ere GBCrentzat

Jokatu duen hamabi aldietan galtzaile atera da eta egurra jaso du sarritxotan.

Ez dago aurkariak aukeratzeko modurik, ezta saihesteko ere; eta, hala, Delteco Gipuzkoa Basketek Valentziara joan behar, gogoz kontra bada ere. Sergio Valdeolmillosen mutilek bisitaleku eskasa dute Fuente de San Luis pabiloia; izan ere, 2006/07 denboraldiaz geroztik 12 bisita egin dituzte donostiarrek kantxa hartara eta sekula ez dute garaipenik pilatu. Hori gutxi ez-eta, batez beste 17 puntutik gorako aldeaz galdu dute.

Real Madrilen aurka 33 puntuko aldeaz galdu eta gero, ez du ba beste zapuzturik behar talde gipuzkoarrak, ongi asko baitakite Valentzia Basket «beste Liga bateko» aurkaria dela. Dena den, valentziarrek irregulartasuna ere beregan dute. Esaterako, joan zen asteburuan sekulako belarrondokoa jaso zuten Tenerifen, 100-66 hain justu. Horrez gain, lesioekin ere nahiko lan badute. Antoine Diot aspaldiko partez entrenatzen hasi da, baina ez da gaur gauean, 20.30etik aurrera, jokatzeko moduan izango; ezta Joan Sastre ere, lunbalgiak jota baitago.

Defentsako indarra berreskuratu

Valentzia Basketen ajeak ugari dira, baina ez dio horrek asko axola Sergio Valdeolmillos entrenatzaileari. Andaluziarrak «defentsan erakutsi dugun indar hori berreskuratzea» du helburu, «Real Madrilen aurka indar hori galdu egin genuelako».

Horretarako, ohi baino jokalari gutxiago izango ditu eskura. Batetik, Duda Sanadze georgiarrak jada ez duelako taldean jarraitzen, GBCk ez baitio kontratua berritu. Bestetik, badirudi Mouhammed Barrok, Madrilen gertatu bezala, ezingo duela jokatu, baina azken ordura arte zalantzak hortxe jarraituko du.

Bada, lan txarrak ditu talde gipuzkoarrak Valentzian bere bolada petral hori behin betiko amaitu nahi badu eta, egiari zor, bere aurkariaren laguntzatxoa ere beharko duela dirudi. Valdeolmillos ez da valentziarren erregulartasun faltaz fio, baina egia da Turia ibaiko urak arre datozela, GBCko entrenatzaile ohi Jaume Ponsarnaurekiko batik bat. Fuente de San Luis pabiloira gerturatzen den zaleak asko eskatzen dio bere taldeari, eta deskuiduan uste baino maila apalagoan ariko balitz, txistuak eta jarrera txarra ere ez ditu gordeko.

Asteburu honen ondoren ACB Ligak atseden hartuko du, eta aho zapore onarekin iritsi nahiko luke GBCk geldialdira.