XABIER RUBIO PILARTE
Haritzalde Naturzaleen Elkarteko lehendakaria
GUTUNAK

Udazkena lapurtu ziguten, orain udaberriarekin hasiko?

Duela urte asko Gipuzkoan urtaroen koloreen lapurreta izan genuen, udazkena lapurtu ziguten. Mendiak pinuz bete zizkiguten kolore bakarreko paisaiak utziz. Monokultibo masiboak bertako zuhaitz anitzen koloreak ezabatu zituen, hosto iraunkorreko klorofilak dena estaltzen baitu, berdea gailentzen delarik. Hosto galkorreko zuhaitzetan fotosintesia gelditu orduko klorofila desagertzen hasten da karoteno bezalako pigmentuei agertzeko aukera emanez. Horrela agertzen dira udazken koloreak. Orain banda marroi eta gorriaren aitzakian batzuek hain kaltegarria den eta zientzialariek kanpoko espezie inbaditzailetzat hartzen duten eukaliptoa sartu nahi digute. Halaber pinuaren ordezko gisa Ipar Amerikako sekuoia edota kriptomeria japoniarra proposatzen dituzte, biak ere hosto iraunkorreko espezie arrotzak. Horrela, besteak beste, udazken koloreak ukatu nahi dizkigutela dirudi. Bertako zuhaitz ederrei eta kalitatezko egurrari alergia izango ote dieten galdetzen diot neure buruari. Esan bezala, herri askok galdu dute udazkena, baina orain fumigazio masiboen mehatxuak udaberriaren parte bat ere, edo gehiago, lapurtuko digun beldurra dakarkigu. Kenduko al dizkigute onddoak eta perretxikoak, likenak, arrainak, anfibioak, intsektuak… osasuna? Udaberria ere ahaztu beharko al dugu?