Alazne Basañez
Kazetaria
IKUSMIRA

Horrela ote?

Eta zer gertatuko da bost urte barru? Eta hamar barru? Batek daki! Ba, ez; badago badakienik. Hori dio, behintzat, espainiar Gobernuak; aurrekontuak onartzeko oraindik nahikoa indar ez duen Exekutiboak aho betez dio diesel eta gasolina ibilgailuen eta hibridoen salmenta debekatu egingo duela 2040rako. Auskalo ordurako zer gertatu den; nola mugitzen garen...

Kutsaduraren kontrako borrokaren esparruan jarri dute eztabaida eta nola garatu den, ze denbora tartetan eta mahai gainean jarritako arrazoi edo arrazoi falta ikusita, susmoa piztu zait. Duela gutxi arte han eta hemen bultzatu duten dieselak bere izen ona galdu du edo kendu diote egun batetik bestera. Gasolinaren aurrean atzo arte bertuteak zirenak orain bekatuak dira eta lehen zokoratuta zegoena zuritu egin dute. Orain ez du hainbeste kutsatzen, antza. Goizetik gauera, diesela baztertu egin behar da, zerga berezia ezarriko zaio... Esan direnak entzunda, kutsakorrena da, txarrena; beste guztien gainetik. Hortaz, merke ez dauden erregaiak garestitu egingo dira eta horrek eragina izango du etxeko ekonomian.

Eta sortutako eztabaida honetan protagonista berria daukagu: auto elektrikoa. Orain denok denon eskura ez dagoen hau erosi beharko dugu edota kutsadura gehitzen lagunduko dugu, edo...

Eta honen guztiaren azpian, edo atzean, salatu dituzten lan eskubideen murrizketak eta kaleratzeak. Sekulako eskaera eta lan zama izan arren, Mercedesen eta Volkswagenen lan baldintzak aldatzeko «dieselgate»-a aprobetxatzen ari direla salatu dute.

Erpin asko eta korapilatsuak, ezta? Kutsaduraren kontra ote da?