Brooklyn maisua da irabazitakoa galtzen
Nola galdu liteke zazpi puntuko aldea 30 segundo baino gutxiagoan? Jakina da Saski Baskoniak 2005eko ACB Ligako finaleko azken partida minutu madarikatu batean galdu zuela, baina Brooklyn Nets ere maisua da irabazita duena galtzen. Bi luzapenen ondoren, 125-131 galdu zuten New Yorkekoek Memphis Grizzliesen aurka. Birritan irabazita eduki zuten partida, eta birritan galdu zuten aukera Memphisen aurka. Mike Conleyk 37 puntu sartu zituen, bigarren luzapena behartzeko saskiratzea esaterako, eta 36 puntu Jaren Jacksonek, aurreneko luzapena behartzeko zazpi puntuak tartean.
Brooklyni egin dakiokeen isekarik ezin egin Denver Nuggetsi. Bolada txar bat izan zuten Nikola Jokic eta enparauek, baina azkeneko bost neurketak irabazi dituzte; 112-113 Portlanden kantxan azkena, irabazita zutena ia galduta –15 puntutik gorako aldea ere izan zutelako–, baina zortea alde zutela.
Houstonek ere arnasa hartu zuen San Antonioren kontura: 105-136. Chris Paul kantxara itzuli zen, baina Clint Capela suitzarra, 27 punturekin, izan zen Texasko taldeen arteko «derbiko» izar nagusia.