Andoni ARABAOLAZA
KIROL ESKALADA

Illya Bakhmet-Smolenskyi 9a zailtasunean13 urterekin sartu da

Ukrainarra gradu hori egiten eskalatzaile gazteena da. Joan den azaroan, Suitzan dagoen «Chromosome X» bidea kateatu zuen. Bere garaieragatik, 1,60 metro, sekuentzia ezberdinak behar izan zituen egin.

2006an, Adam Ondrak 13 urte, 9 hilabete eta 6 egun baino ez zituen bederatzigarren esferan sartu zenean. Gogoan dugu oraindik txekiarrak nazioarteko eskalatzaileen komunitatea ahoa bete hortz utzi zuela. Bazirudien adin horrekin ezinezkoa zela 9a bat egitea, baina Ondrak Eslovenian dagoen “Martin Krpan” bidea egin zuen.

9a bat egiten eskalatzaile goiztiarrena izan zen, eta, baten batzuek errekor hitza erabili zuten. Gehienek ez dute uste termino egokiena denik, baina, agian, baliagarria izan daiteke hurrengo protagonistak ezarri duen marka berria ulertzeko.

Eta hori diogu Illyia Bakhmet-Smolenskyi ukrainarrak aipatu dugun «errekorra» gainditu duelako. Iragan azaroan, protagonista honek “Chromosome X” bidea (9a, Charmey, Suitza) kateatu zuen. Une jakin horretan 13 urte, 9 hilabete eta egun bat zituen. Horrek esan nahi du bost egunengatik soilik Ondrari “ohore” hori kendu diola.

Ashima Shiraishi estatubatuarra ere gertu ibili zen, baina Ondra eta Bakhmet-Smolenskyi bi hilabete aurretik izan ziren. Alabaina, mutil horiek ez bezala, neska hau bederatzigarren esferan 9a+ batekin sartu zen: “Open your mind direct” (Santa Linya).

Bi aldaketa

Eskalatzaileen terminologian «mutante» hitza asko erabiltzen da; hots, oso gaztetan muturreko zailtasuna egiten duen eskalatzaileari deitzen zaio. Egun, izaera honetako berriek ez dute inor ezustean harrapatzen, eta protagonista ukrainarrak daraman ibilbidea ikusita, aitor dezakegu ezarri berri duen marka ulertzekoa dela.

Bederatzi urterekin zortzigarren graduko hainbat bide eskalatu zituen. Eta bi urte beranduago, oso harrigarria den urratsa egin zuen; izan ere, 11 urterekin 8b, 8b+ eta 8c igo zituen. Aurten, berriz, 8c+ eta 9a.

Aurreratu dugun bezala, azken gradu hori egiteko Suitzara bidaiatu behar izan du; bere herrialdean 9a zailtasuneko biderik ez dago. Bere adinerako bitxia bada ere, Bakhmet-Smolenskyik asko bidaiatu du: Malaysia, Thailandia, Suitza, Italia, Katalunia...

Suitzako “Chromosome X” bideari dagokionez, ukrainarrak adierazi du bidea sortu zuen Pirmin Bertleren hainbat sekuentzia ez dituela erabili. Arrazoia gaztearen garaiera da: 1 metro eta 60 zentimetro. Ohiko sekuentziei bi aldaera egin dizkie, baina, era berean, onartu du marraren zailtasuna ez dela aldatu.