Maider IANTZI
AGUR INFO7

Besta giroan itzali da Info7, maitasunez, irrati berri bat pizteko

Bi asteko agur biraren ondotik, jai eder batean isildu da Info7 irratia, urte berriarekin batera ezagutuko dugun proiektu zabalago bati ahotsa emateko. Urruñako estudioko besta hunkigarri, goxo eta umoretsuan 200 bat lagun bildu dira. Pertsonak zaintzearen eta eskertzearen adibide bikaina izan da.

Etapa berri bat hasteko zaharra itxi beharra dago eta zubi hori ez da erraza. Info7 isildu egin da eta ez da malkorik falta izan, jakina, baina itxiera pena bat baino besta hunkigarri bat izan da. «Gure hitzak esan berriz esan, ez daitezela ahaztu, ez daitezela gal»; Mikel Laboaren hitzak irratiko hainbat esatarik errepikatu dituzte eta Eider Olazar Info7 martxan jarri zuen Aztibegia elkarteko lehendakariak erran ditu azkenengo hitzak, emisioa itzali aitzinetik: «Gu eta zure arteko zubia, zaharra eta berriaren arteko igarobidea, izan dadila lehena bezain emankorra bigarrena. Eskerrik asko!».

Bigarrena Aztibegiak urte berrian «ilusio eta helburu berekin» abiatuko duen proiektua da. Oraindik ez du izenik, ezta jaiotza datarik ere, baina badakigu pausoz pauso joanen dela garatzen, euskarazko irrati bat izanen dela eta FMn aditzen ahalko dela, oraingoz Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osoan eta Nafarroako Mendialdean. Euskal Herri osoan lizentziak lortzeko borrokan segituko dute.

FMn emititzea «aukera handia da guretzat, hasieratik borrokatu gara legalitatearen eta aniztasunaren alde», adierazi du Olazarrek. Bere erranean, hagitz desorekatua da lizentzien banaketa, komunikabide talde handiek hartzen baitituzte. «Duela bost urte inguru lehiaketa deitu zuten Nafarroako eta EAEko gobernuek eta lizentzia gehien lortu zituen proiektua izan zen gurea».

Horren aurrean, Aztibegia elkarteak Info7 itzali eta irrati berri bat pizteko erabakia hartu zuen. «Gaurko lantalde bera hasiko da hedabide berrian lanean, baina proiektua zabalagoa izango da».

Zaindu eta eskertu

Lantalde ttikia dira eta, Olazarrek aitortu bezala, energia aunitz jarri dute agur biran herriz herri bisitak egiten, langile, kolaboratzaile, bazkide, entzule eta lagun guztiei proiektua egia bihurtu izana eskertzen. Urruñako Martin Zaharenian GARA, Mediabask eta Kazeta.eus-ekin partekatu izan duten erredakzioan antolatutako jaian ere ez diote utzi jendea zaindu eta eskertzeari. 200 lagunentzako bazkaritarako mahaia jartzen ikusi ditugu, pixkanaka gonbidatuz betetzen hasitako errotatiba zaharrean. Kroketa eta pintxo goxoz betetako erretiluak hara eta hona eramaten, eta musuak, besarkadak, solasaldiak, irribarreak eta emozioak partekatzen ibili dira.

Goizeko bederatzietan abiatu dira besta eta azken irratsaioa, Eider Olazar bera eta Jon Mikel Fernandez kazetaria gidari lanetan. Saioaren lehenbiziko zatian 13 urte gibelera egin eta hasiera oroitu dute hainbat protagonistarekin, tartean Arantxa Manterola, eskualdez eskualde proiektu berrirako babes bila ibili zena. «Amets bat zen oraindik eta zaila zen parte hartzeko konbentzitzea. Baina jendeak konfiantza eman zigun. Ilegalizazio dinamika hasia zen, beldurra zegoen GARArekin zerbait egingo zuten, eta EKHEk errotatiba bat erosi zuen, erredakzioak eta irratia bertan muntatzeko».

Kazetariak irri artean azaldu digu frantsesa zekienez, igeltsero eta iturgin lanak ere bazekizkiela ulertzen zela eta buruhauste handiekin ibili zela Bordagain (irratia barne hartzen zuen egitasmo zabalagoa) abian jartzeko, «hori dena kazetari lanarekin uztartuz».

Manterolak kontatu du bi arazo nagusi izan dituztela beti: teilatua eta seinale ahula. Frekuentziarik ez zutenez Internetez emititzen hasi ziren eta sarri erortzen zen. Bitxikeria pila bat ditu. «Askotan aipatzen didate ze kolore duen lantokiak. Inork ez zuen aukeratu nahi; pintorea hemen zegoen, zerbait esan behar eta berde argitsu bat hautatu nuen, goizetan sartzean espabilatzeko! Pintatzen ari ginela, malba kolorea ere sartuz, Barbieren etxearen antza hartzen hasi zen eta azkenean txuri neutro bat jarri genuen malbaren ordez».

Errepasoa eta ezusteak

Mediabask, Kazeta.eus eta GARAko kideekin batera, 2018aren errepasoa egin dute Info7ko esatariek. Hunkigarria izan da Beatrice Molle-Haran Luhuson atxilotu zuten bakegileetakoaren mintzaldia. Bakegile gisa itxaropen mezua zabaldu du eta bere erredakziokideek ere atxiloketako une hori nola bizi izan zuten oroitu dute. Iñigo Cabacas, Altsasu, “La Manada”, “txaleko horiak”, euskoa, Seaska eta migratzaileak ere aipatu dituzte. Sorpresa bat jaso dute: iragarki laburrak egitea tokatu izan zaie eta ahots desberdineko iragarkiekin nahasketa irrigarria egin du DJak. Ondotik, Maite Bidarte kazetariak poema bat eskaini die lankideei.

Irratsaioaren bigarren atala, Oinatz Aizpuruk eta Amaia Zurutuzak zuzendua, bizi-bizia izan da. Mariano guardia zibila eta Jean Pier jendarmea ere etorri dira itxierara eta haserretu eta elkar atxilotuz joan dira. Ze irriak egin dituzten jaira bidean topoan elkar ezagutu duten Joxe Mari eta Josu Txapartegi “Txapas” entzuleek. Azken honek goizero jarri izan du Info7, «gutxienez ordu erdiz egunero iturri garbi batetik edateko, duintasun pixka batekin, nazka-nazka eginda» baitago munduan berriak emateko dagoen moduarekin, «nork beldur gehiago sartu. Eta hedabideek bizitzen lagundu behar digute, hobeak izaten». Horretan lagun gaitzala iturri berriak!