Andoni ARABAOLAZA
HIMALAIA

David Lamak Lunag Ri-ren lehen igoera erdietsi du

Alpinista austriarrak hiru saio behar izan ditu Nepal eta Tibeten arteko mugan dagoen seimilako hori patrikan sartzeko. Gainera, hirugarren ekinaldian bakarka eskalatu zuen. Kanpaleku nagusitik urriaren 23an irten zen, eta gailurra 25ean zapaldu zuen.

David Lama 28 urteko eskalatzaile zein alpinista gaztea da. Mendiko bi adar horietan espezialista handia dugu, eta, jakina, lortzen dituen emaitza bikainak hedabide espezializatuetan azaltzen dira. Alabaina, kirolari mediatikoa bada ere, Lamak jarrera xumea du. Horrekin esan nahi dugu ez dela batere nabarmentzen, eta Euskal Herrira egin berri duen bisitan ere ikusi dugu hori. Bilbao Mendi Film Festivalen izan da, eta badirudi ez dela egon.

Aurkezpen moduko sarrera hau egin dugu, batez ere iragan urrian Lunag Ri mendian (6.907 m) egin zuen jarduerarengatik. Hiru saioren ostean, alpinista austriarrak Nepal eta Tibeten mugan dagoen seimilako “garai” horren lehen igoera sinatu zuen. Eta, gainera, bakarka. Horretarako, hiru eguneko lana behar izan zuen. Kanpaleku nagusitik urriaren 23an irten zen, eta gailurra 25ean zapaldu zuen.

Baina aurreratu dugu beste bi ekinaldi egin zituela, eta bietan ala bietan sokakide bat alboan izan zuen: Conrad Anker. Lehena 2015ean izan zen, eta alpinistak tontorretik 300 metrora geratu ziren. Hurrengo urtean, berriz, mendia igotzen ari zirela estatubatuarrak bihotzekoa izan, erreskatatu eta Katmandun artatu zuten. Ebakuntzatik onik atera zen. Anker erietxean zegoen bitartean, gazte austriarrak bakarkako saioa egin eta gailurretik 250 metrora zegoela atzera egin zuen. Hirugarrenean, berriz, bakarrik joan da, eta emaitza aipatu dugu: Lunag Riren lehen igoera erdietsi du.

Aukera izan dugu Lamak berak argitaratu dituen argazkiak eta bideoak ikusteko, eta aitortu behar da egin duena txapela kentzeko modukoa dela. Alabaina, austriarrari berari hitza emango diogu, eta hark eginiko jardueraren inguruan honakoa adierazi du: «Ondo sentitzen naiz, izaera horretako igoera bat ondo ateratzea ez baita batere ohikoa. Lau urte igaro dira Conradek xede hau egitera bultzatu ninduenetik. Azken saio honetarako Colin Haley eta Jess Roskelleyk esan zidaten helburu horretan parte hartzeko gogoa zutela. Baina esan nien bakarkako beste saio bat egin nahi nuela. Uste dut xede hau biribiltzeko era egokiena zela. Pena handia hartu nuen Conradek eta biok gailurra ez dugulako partekatu, baina nik lortutakoarekin pozarren nago. Banekien itzuliko nintzela, besteak beste, zirkulu hori itxi nahi nuelako. Berdin zitzaidan lehen igoera, bigarrena edo zazpigarrena izatea. Kontua da Lunag Rirekin lotura berezia nuela. Itzultzeko erabakia hartu nuenean, uda osoa entrenatzen jardun nuen. Erabat kontzentratuta nengoen».

Bestalde, Lamak onartu du 2013. urtean igo gabe zegoen seimilako horren lehen irudiak ikusi zituenean, mendiarekin harrapatuta geratu zela: «Jakin banekien eskalatu gabe zegoen mendi aleatorio bat zela. Jakin banekien Lunag Ri eskalatzea zaila baino zailagoa izango zela. Baina jakin banekien kirol eskaladan dudan eskarmentuak mendi horrek dituen zailtasun teknikoak gainditzen lagunduko zidala. Bide batez, aipatu behar dut bakarrik joateko beharra sentitu nuela. Asko erakartzen nau bakarka eskalatzeak. Une oro zuk zeuk hartu behar dituzu erabaki guztiak. Zeure buruarekin egundoko segurtasuna behar duzu izan. Espedizioan antolatu duzun estrategiari zentzua eman behar diozu; horretaz zeure burua konbentzitu behar duzu».

Hiru egun

Hausnarketa horiek guztiak egin eta gero, Lamak Lunag Ri mendian eginiko igoeraren inguruan hitz egingo du. Urriaren 23an kanpaleku nagusitik irten zen. Gauerdia zen. Austriarrak argi zeukan ordu txikitan eskalatzen hasi behar zuela, besteak beste, ekialdeko aurpegian dauden izotz eta arroka jausi arriskutik ihes egin nahi zuelako.

Lehen urratsak ilargi betearen laguntzarekin egin zituen, baina bat-batean zerua lainotu eta lehen sekzioetan arazoak izan zituen: «Aurreko saioetan ez bezala, lehen mila metroak oso lehor zeuden. Elurrik eta izotzik topatu ez nuenez, lotura egokienak egiteko zailtasunak izan nituen. Zorionez, kale itsu batean ez nuen bukatu».

Lamak aipatu duen egoera horri eguraldiarena gehitu behar zaio. Lehen eskalada egun horretan haizete oso indartsuak (80 kilometro ordukoak) eta muturreko hotza (-30 °C) jasan behar izan zituen. Bibaka antolatu eta han 24 ordu egin zituen. Atseden luze hori hartu eta biharamunean goizeko seietan martxan jarri zen: «Lehenago hasi nahi nuen, baina Karl Gablen eguraldi iragarpena jaso nuen. Eta esaten zuten haizeteak baretzen joango zirela. Alabaina hotz handia egiten zuen. Onartu behar dut eskalada guztia oso-oso hotza izan dela. Arazo bat izan zen, baina aurrera jarraitzeko borondatea nuen. Egun honetan bigarren saioan lortutako kota gorena (6.800 m) gainditu eta bibaka antolatu nuen».

Hirugarren eta azken egunean, berriz, Lamak galdera ikur bat argitu behar zuen. Ezagutzen ez zuen azken sekzioa aurrean zuen. Berriro goizeko seietan martxan jarri zen. Ertza gurutzatu, metro batzuk jaitsi, tresneria guztia han utzi eta pisurik gabe gailurrera abiatu zen: «Izotz plaka tente batzuk gainditu nituen. Gailurrera eramango ninduen marra bat buruan nuen, baita hari jarraitzea erabaki ere. Izotz plaka horiek eskalatzen ari nintzela, nire behatzen egoerarekin arduratu nintzen. Egun osoan ez nituen sentitu. Erritmoa mantsotu nuen; izan ere, nire behatzekin ez nuen segurtasunik. Aurreko egunetan ez bezala, haizea ez zen hain indartsua, baina hotz handia egin zuen. Une jakin batean, zalantzak izan nituen; atzera egiteko mamua hor zegoen. Baina neure burua indartu eta aurrera jarraitu nuen. Nahiz eta eskalada teknikoki ez zen zaila, mantso mugitzen ari nintzen. Pareta etzan egin zenean, orduan bai, oso ziur nengoen gailurra gertu nuela. Eta goizeko hamarretan helburu hori lortu nuen».

Lamak onartu du lehen helburu horrekin ez zuela gehiegi disfrutatu; izan ere, tontorra egin eta bi minutura jaisten hasi zen: «Bigarren bibakera oso azkar iritsi nintzen. Arratsaldean, berriz, lehen bibakera heldu, denda altxatu eta lasaitu ederra hartu nuen. Biharamunean, oraindik gauez, jaisten jarraitu nuen. Kanpaleku nagusira gauerdian iritsi nintzen».

Era horretara, gazte austriarrak Lunag Ri mendiaren lehen igoera egin zuen. Gainera, bakarka. Jarduera horren inguruan adierazi du eite gogorrena hotza izan dela: «Iragarritako leiho ona ondo aprobetxatu nuen. Haizeteak baretu ziren, baina hotz handia pasa nuen. Eta giro horrekin sekzio teknikoak eskalatzea zaila da, aurreratu dudan bezala, behatzak ez bainituen sentitzen. Bestalde, headwall-a ez da batere erraza izan. Eremu ezezaguna zen, eta gailurrera eramango ninduen bide egoki bat aurkitzea oso nahasia zen. Muturreko hotza jarduera osoaren eite gogorrena izan da».

Amaitzeko, Lamak aitortu du seimilako horren igoera bere ibilbidean oso garrantzitsua dela: «Alabaina, zaila egiten zait aurretik egin ditudan beste jarduera bikain batzuekin alderatzea. Horrela sentitzen dut».