Andoni ARABAOLAZA
Eskalada

«Edertasunaren bilaketa»,Tozal de Riperako bide berria

Ander Zabalza, Alberto Fernandez eta Iker Madoz izan dira egileak. Horma horren ipar aurpegian zabaldutako marra 550 metro luze da, eta 6c zailtasuna du. Hirukoteak bi eguneko lana behar izan zuen. Jardueraren eite azpimarragarrienak zeharkaldiak izan dira.

Tozal de Riperaren ipar aurpegian neguaren atarian eskalatzea ez da batere ohikoa izaten. Hala eta guztiz ere, badira egoera hori hausteko prest egon direnak. Eta, azkenean, hautsi egin dute. Ander Zabalza, Alberto Fernandez eta Iker Madozi buruz ari gatzaizkizue.

Bada, eskalatzaile horiek, horma hori eskalatzeaz gain, bide berria zabaldu dute: “Edertasunaren bilaketa”. Sormen lan hori duela oso gutxi egin dute, eta, denera, 550 metro luze da, eta 6c zailtasuna du.

Madozek adierazi digu Tozal de Riperaren ipar aurpegian eskalatzeko helburua martxan erabaki zutela: «Bi egun lehenago, Pico del Aguilan eskalatzen ibili ondoren, hurrengo egunetarako plana zehazten hasi ginen. Eta Riperan jardutea otu zitzaigun. Pareta handia denez, bi egun aurreikusi genituen».

Erabaki eta lehen urratsak egin zituzten. Iruindarrak aurreratu digunez, Fernandezek orain dela urte batzuk ikusitako bide bat da: «Ez da batere agerikoa. Normala denez, udan joatea atseginagoa da, baina neguko baldintzetan eta bi egunetan eskalatzeak zirrara gehiago du. Finean, abentura pixka bat bilatu nahi genuen».

Paretaren baldintzei dagokienez, hirukoteak uste baino lehorragoa aurkitu zuen. Horren ondorioz, luze gehienak katu-oinekin eskalatu zituzten: «Haitza, gainera, hotz-hotza zegoen. Arrokaren kalitatearen inguruan ez genuen askorik espero. Askotan txarra, batez ere plakak ez ziren tokietan. Eite hori izan zen bidearen nondik norakoak erabakitzerakoan gako garrantzitsuenetarikoa. Ibilbidea ez zen batere argia».

“Edertasunaren bilaketa” oso luzea eta ospela denez, eskalatzaileok bi eguneko lan eskerga behar izan zuten egin: «Lehenengo egunean, hiru ordu ibili eta gero, eskalatzen hasi ginen; ‘Axioma’ marraren azpian gutxi gorabehera. Ezkerraldera jo eta diedro-sabai handi batean sartu ginen. Arroka txarra zen. Hortik irten, elurraren bila joan eta gauak harrapatu gintuen. Bigarren egunean, berriz, hiru luzetako zeharkaldia egin ondoren, zuzen eskalatu genuen. Goialdean tximinia batetik irten ginen. Gailurra jo, jaitsi eta autora gaueko ordu batean heldu ginen».

Hiruko sokada

Madozek aipatu duen bezala, hiru luzetako zeharkaldia behar izan zuten egin. Eta, hain zuzen ere, sekzio hori da azpimarragarriena: «Sokadako bigarrenak (bizkar-zaku eta guzti) mamuak ikusi zituen. Bestela, esan dezaket estilo klasikokoa dela. Eta garbia: soilik lau iltze ditu. Zoritxarrez, ezin izan genituen atera».

Arestian aipatu bezala, ipar pareta horretan neguko baldintzetan ez da eskalatzen. Beraz, hirukote horrek egin duena azpimarratzekoa da: «Hala da; izan ere, inork ez du neguko baldintzetan horma horretan gogorik eta burutapenik izaten».

Hiruko sokada honek ohiko estrategia indarrean jarri zuen. Sokaburuak, pisurik gabe, luzea zabaldu, bilera antolatu eta petate pisutsu bat igotzen zuen: «Beste biek tresneria kendu eta bi motxilekin eskalatzen zuten. Hirurok ala hirurok lan ezberdin horiek egin genituen». Madozek paretak zituen baldintzak zehaztu dizkigu, baina, ze eguraldi izan ote zuten? Eskalatzaileak honakoa erantzun digu: «Sormen lan hau neguaren atarian egin dugu. Baldintzak, jakina, negukoak izan ziren. Gainera, egun haizetsua jasan behar izan genuen. Beraz, beti hotz ibili ginen. Alabaina, ez genuen gaizki pasa».

Azkenik, eskalatzaile nafarrak dio zeharkaldiak eta arrokaren kalitatea izan zirela eiterik azpimarragarrienak: «Luze batean, adibidez, Alberto eta biok helduleku bat eskuan genuela apurtu eta erorikoa izan genuen. Hori zeharkaldi luze baten erdian izan zen! Abentura oso polita izan da».