Familia benetako ez-perfektu gurea
Badakit gaur abenduaren 24a dela, Gabon eguna, gero Gabon gaua tokatzen zaigula, dela familiarekin edo lagunekin ospatzeko, dela inola ere ospatzeko asmorik gabe. Izan bada, ordea, orain bizirik gaudenontzat betidanik, oraindik bizirik gaudenontzat nahitaez, eta ez dago zereginik, ez dago hori ahantzaraztea ahalbidetuko digun txokorik Euskal Herri osoan; edo, beharbada, bai, burua eta telefonoa etxeko tiraderarik galdu eta sakonenean utziz gero, baina badakigu bigarrena lasaitasunez askatzeko arazo dezente dugula egun, beti «badaezpada» horrekin gainean.
Bai, badakit, gustatu ala ez, gogotsuago edo alferrago egon, edo zuzenean goibel eta hotz, gaur Familiaren gaua da, jendartearen ardatz, zibilizazioaren iraupen-egitura eta, beraz, instituzio sakratu horrena, beti zoriontsu eta arrakalatu ezinezkoa balitz bezala irudikatzen eta zabaltzen denarena.
Eta geuk irentsi, ohartu gabe ere, nahiz eta benetakoen artean, alegia, planetan honetan, halako bat bakarra aurkitzea, dena ulermen eta errespetu, dena poz eta baldintzarik gabeko maitasun, inolako mugarik eta iritzirik –esan nahi baita judiziorik– gabe, hori bai ezinezkoa izan.
Nola, bada? Familiak pertsonak gara, pertsonaz pertsona osaturiko taldea. Hor, denetik gaude: bagaude amak, bagaude aitak, aitonak, amonak, neba-arrebak, ilobak, bilobak… eta, txikiak kenduta, helduak gara, helduak edo, eta, gainera, odol-senidetasun irainezin horrekin. Kontu latza!
Bai, bada, kontu latza delako heldu izatea, eta zure heldutasunarekin betidanik, Gabonak bezala, ezagutzen zaituzten horien aurrean agertzea, zure horretan, zure gaur egungo zeure horretan. Beharbada, alderantziz ere bada, beharbada zure senideetako askori berdin gertatzen zaio.
Gau polita da, ez dut esango ez duenik zertan ez izan.
Gau polita izan daiteke, baldin eta ustez gehien maite zaituzten horiek, goraka edo beheraka edo horizontalean, benetan zarena uzten izango dizuten, baldin eta zuk zeuk, goraka eta beheraka eta horizontalean, benetan direna uzten izango diezun, hemen denok dugu-eta geurea.
Inork ez duelako esaten, baina esan beharko genuke: familia da borroka-eremurik gogorrenetakoa, samingarriena askotan, babesleku handiena ere bai, agian; norbera zailtzeko eremu onena, betiere.