A.A.
Erremontea

Utergak eta Azpirozek uste baino errazago irabazi dute Binakako Txapelketa

Hasiera-hasieratik egin dute ihes markagailuan eta emozio faltan gelditu dafinala. Juaneneak, batez ere, eta Endikak ezin izan dute beren maila eman.

JUANENEA-ENDIKA 27

UTERGA-AZPIROZ 40


Uterga eta Azpiroz jaun eta jabe izan ziren erremonteko Binakako Txapelketako finalean, Galarretak urtean zehar izaten duen bigarren egun seinalatuan. Doneztebeko aurrelariak eta Uitziko atzelariak partida ia perfektua egin zuten eta erraz hartu zituzten mendean Juanenea eta Endika, beren benetako mailatik oso urrun geratu zirenak.

Urdinek hasieratik ireki zuten tarte handia markagailuan, eta horixe izan zen finaleko pena handiena, alegia, behingoagatik Galarretan sekulako sarrera izan eta finala hasieratik emoziorik gabe geratzea. Xanti Utergak sekulako ikuskizuna eman zuen aurreko koadroetan, eta Aritz Juanenea, aldiz, oso gaizki sartu zen partidan, defentsan pilota errazak galduz eta erasoan batere asmatu ezinik.

Urdinen aurreneko lau partzialak gehiegizkoak izan ziren: bost tanto 0-5ean, hiru 1-8an, zazpi 2-15ean eta beste sei 4-21 aurreratzeko. Uterga bikain ari zen, gozatzen; Xabier Azpiroz gaztea ere ikusgarri –24 urte baino ez ditu eta bere lehen Binakakoan txapela jantzi du–; Juanenea erabat burumakur eta Endika egoerari buelta nola eman asmatu ezinik.

Egia da une horretatik aurrera jokoa apur bat parekatzen joan zela. Endikak, hil ala bizi, gehiago arriskatzea erabaki zuen, gorrien jokoari beste itxura bat emanez. Benetan aipagarriak, esaterako, atzelariak egin zituen bi tanto zoragarri, 8-23a eta 15-31, biak oso antzekoak: zuzenean sarera zihoan pilota zail bana harrapatu eta jokaldia berak eginez bertatik.

Eta atzelariaren bultzada baliatuz, Juanenea bera ere apur bat sartu zen norgehiagokan. Azkenerako bere zenbakiak ere itxuratu zituen jokoan 11 tanto eginda, baina jada oso berandu zen finalari benetan buelta emateko. Gehien hurbildu ziren unea Juaneneak berak zabalean egin zuen 27-37koan izan zen, 10 tantora ipiniz, baina hortik aurrera urdinen beste hiru tanto iritsi ziren dema ixteko.

«Hasieran erraz joan gara markagailuan. Gu oso ongi jokatzen hasi gara eta beraiek aldiz ez dute batere asmatu. Egia da emozioa falta izan dela hortik aurrera, baina jokoa asko parekatu da eta guk sartuta jarraitu behar izan dugu garaipena lortzeko», azaldu zuen Xanti Utergak, Binakakoan jokatu dituen lau finalak irabazi izanaren poz eta harrotasunarekin.

Xabier Azpiroz ere oso pozik zen: «Sagardoaren Txapelketako finalean urduri irten nintzen, baina gaur askoz lasaiago atera naiz hasieratik, eta hori oso garrantzitsua izan da».