GARA
DONOSTIA
21. KORRIKAREN IBILBIDEA AURKEZTU DUTE

Euskararen aldeko klika zein herritan egingo duten zehaztu dute

Apirilaren 4an hasiko da Korrika Garesen eta 14an amaituko da Gasteizen. Bidean, Euskal Herriko herri eta hiriak gurutzatuko ditu. Lehen hiriburua Iruñea izango da, hilaren 6an, larunbatarekin. Igandean Donibane Garazi, Maule eta Baiona igaroko ditu. Apirilaren 11n Bilbon egingo du klika, 12an Donostian, eta Arabako hiriburua izango da helmuga. [Korrikaren ibilbidea herriz herri .PDF]

Urte berria 21. Korrikaren urtea da eta ohartu orduko euskararen aldeko ekimen handian barneratuak egonen garenez, jakiteko gelditzen zitzaigun azken misterioa argitu dute antolatzaileek: martxaren ibilbidea. Zure herritik edo ingurutik noiz pasatuko den ondoko orrialdeko mapan eta herrien zerrendan kontsulta dezakezu, baita Korrika.eus webgunean ere.

Dagoeneko jakina zen apirilaren 4an Garesetik abiatuko dela Korrika eta, hamar egunez Euskal Herri osoan barna ibili ondotik, 14an Gasteizen egingo dituela azken kilometroak. Atzo ibilbidearen xehetasunak aurkeztu zituzten.

Ohi bezala, duela bi urteko ekimena amaitu zen herrialde berean hasiko da aurtengoa: Nafarroan, hain zuzen ere. Gares izan da martxari hasiera emateko AEK-k aukeratutako herria. Bertatik abiatuko da mezu sekretua daraman lekukoa apirilaren 4an, arratsaldeko bostetan. Hurrengo hiru egunetan, Nafarroako hegoaldean ibiliko dira korrikalariak furgonetaren atzetik, eta apirilaren 6ko iluntzean (larunbata) ibilbideko lehen hiriburura ailegatuko dira: Iruñera. Seguru merezi duen tamainako festarekin hartuko dutela bertan AEK-k antolatutako lasterraldi erraldoia.

Apirilaren 7an, hiru hiriburu

Apirilaren 7an beste hiru hiriburutatik pasatuko da Korrika (Donibane Garazi, Maule eta Baionatik, hurrenkera horretan) eta 8an, goizeko ordu txikietan, Gipuzkoan sartu-irtena egin ondoren, Lapurdi eta Nafarroara joango da berriro.

Apirilaren 9an, asteartea, Nafarroa eta Araba artean sigi-saga ibili ondoren, lasterketa iparralderantz abiatuko da. Bizkaian sartu eta Ibaizabal zeharkatzen harrapatuko du hilaren 10eko gauerdiak. Ostegunean, hilaren 11n, 12.00 aldera iritsiko da Korrika Bilbora eta, Bizkaian barna bide pixka bat egin eta gero, kostaldetik jarraituko du aurrera tipi-tapa.

Apirilaren 12 eta 13an, nagusiki Gipuzkoan izango da lasterraldia (Donostiatik hilaren 12ko arratsaldean igaroko da); eta hegoaldetik sartuko da Bizkaian berriro, bederatzigarren eguna Otxandion amaitzeko.

Euskal Herriko herrialde guztiak ukituak eta martxan jarriak izango ditu Korrikak ordurako, baina azken eguneko txanpa faltako zaio oraindik: ekialdera joko du lehenik, Arrasatetik Gipuzkoan berriro sartu eta hortik hegoaldera egingo du, testigua eskuz esku pasatuz apirilaren 14ko eguerdian helmugara ailegatu arte: Gasteizera. Mezuaren irakurketa eta amaierako jai handiaren hasiera 12.30erako aurreikusita dago Andre Maria Zuriaren plazan.

Dendak eta babesteko aukerak

Korrikaren 21. edizioa egingo da aurten, “Klika” lelopean («Klika egitea aukera bat hartzea da, euskararen aukera hartzea, hautua egitea», azaldu dute). AEK-k jakinarazi duenez, kilometroak erreserbatzeko aukera heldu den astelehenean zabalduko da.

Korrika dendak ere zabalik daude, eta ekimenaren materiala eros daiteke euskaltegietan eta online dendan. Euskarari Euskal Herri osoan bultzada emateko jendearen babesa behar dute eta Korrika Laguntzaile izateko bidea ematen dute webgunean. «Aurreko edizioa amaitu zenetik, urratsak egin ditugu, bai eta konpromisoak hartu ere, eta, euskaraz bizitzeko hautua eginda, euskaltegira hurbildu gara. Tamalez, bide luzea dugu aurretik, eta administrazioei dagokienez, esan behar dugu euskaltegi eta gau-eskolei bideratzen dizkieten baliabideak ez direla nahikoak oraindik ere».

Mad Muasel, Fermin Muguruza eta La Furiaren abestiak dioen bezala, «laster bidera aterako gara, mundura aterako gara, herriz herri igaroko gara. Martxan jartzen hasteko eginzazu Klika, pausoz pauso, gure erritmora!».