Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Pence, Pompeo eta Rubio ez dira Dulles

AEBen kanpo politika Dulles anaien politika izan zen aldi luze batean: 1953ko urtarriletik 1959ko apirilean hil arte izan zen estatu idazkaria John Foster Dulles; eta bere anaia Allen Welsh Dulles, CIAko zuzendaria 53ko otsailetik 61eko azarora arte. Eisenhowerren agintaldi osoa, beraz.

Gerra Hotzaren historian ohorezko lekua dute biek. Batera. Tandem doitua osatu baitzuten. Eta horregatik, zaila da bataren eta bestearen erantzukizunak banakatzea, batez ere isilpeko operazioetan. Horietako batzuk ere, historiako liburuetan daude jada: Ajax operazioa (Mossadegh, Irango lehen ministro demokratikoa erorarazi zuena, 1953an); PBSuccess operazioa (Guatemalako Arbenz presidente demokratikoa erorarazteko inbasio armatua, 1954an); eta, ordurako Allen bakarrik bazen ere, Kubako Bahía de Cochinoseko inbasioa, 1961ean. Filosofia politiko hertsiki inperialista berberaren kumeak guztiak. Arrakastatsuak lehen biak; erabateko porrota hirugarrena.

Orain, CIAren buru urtebete egin zuen eta Estatu Idazkaritzan beste urtebete daraman Mike Pompeok, Etxe Zuriko sotoan dabilen Pencek, eta beti nahi eta ezinean ibiliko den Rubio senatariak erabaki bide dute bi Dulles haiek adina badirela. Oso argi baitaukat Venezuelan abiarazi den operazio horren sorburua AEBetan dagoela. Eta hein handi batean, hiru horien egitasmo pertsonala dela. Trump beste gauza batzuetan dabilelako. Eta zeresanik ez Pentagonoa...

Baina, jakinda edo ezjakinean, Guatemalakoa errepikatu nahi dute. Egia esan, kosta egiten zait kidetasunak aurkitzea ordukoaren eta oraingoaren artean. Ez bada dullestarrek United Fruit konpainiarekin zuten loturaren antzekoa dutela hirurek petrolio industriarekin...

65 urte igaro dira. 2019ko Venezuela ez da 1954ko Guatemala.

Maduro ez da Arbenz (Chavez, agian, askoz hurbilago egongo zen). Eta Guaidó txiolaria, ene bada, ez da Castillo Armas koronela. Baina, batez ere, Pence, Pompeo eta Rubio ez dira Dulles. Ez bat, ez bestea. Ezta haien arreba ere.