Balio erantsiko proiektuen sustapena egurgintzan
Ekonomia iraunkorrarekin bat eginez eta basoko bioekonomia bultzatzeko estrategiaren baitan kokatzen dira Biotek partzuergoak aurkeztu dituen proiektu berriak. Gasteizko Europa jauregian egin zuten ostegunean iragarpena eta, bertan, lehiakortasuna hobetzeko garatzen ari diren Biotop eta Basoa 4.0 programei buruzko xehetasunak ere azaldu zituzten. Pintura ekologikoekin, isolatzaile naturalekin eta egurrezko eraikin berriekin ari da lanean Basotek.
Basotek partzuergoa EAEko basoetako egurraren egungo eta etorkizuneko erronkei erantzuteko sortu zen eta ostegunean aurkeztu zituen lantzen ari diren balio erantsiko proiektuak, sektorearen lehiakortasuna sustatu asmoz sortuak. Gaur egun lau lan ildotara zuzentzen du bere jarduera Basotekek eta horietariko bat da lehiakortasuna hobetzea. Horren barnean eratu dituzten bi programek iraunkortasunean eta teknologian dute muina. Biotop eta Basoa 4.0 gisa aurkeztu zituzten.
Biotop proiektuak, izenak adierazten duen moduan, «bio etiketa» duen eraikuntza sistema bat garatzea planteatzen du, «prestazio handikoa, bertako egurraren erabilera masiboan oinarrituta, ekoizpen industrializatu altua lortzeko». Eraikuntza sistemako osagai den-denek ekoefizientzia maila altua izatea funtsezkoa izango da; besteak beste, berriztagarriak, birziklatuak edo birziklagarriak izatea eta “bio” moduan sailkatzeko modukoak izatea.
Biotop programan material isolatzaileak eta biomasatik eratutako egurrezko panelak erabiliko dituzte, eta material toxikorik gabe landutako osagaiekin estaltzeko aukera ere eskainiko dute. «Fabrikazioa industrializatua eta aurreratua izango da, prozesu integratu baten bitartez, ekonomia zirkularraren beharretara egokituta», azaldu zuen Basotekek.
Ekonomia iraunkorraren gurpilean barneratzeaz gain, lehiakortasunaren hobekuntza teknologiaren bitartez lortuko dela ulertzen du partzuergoak. Hortaz, bigarren proiektuak –Basoa 4.0– basoetako egurraren balio katearen digitalizazioa bilatzen du. Paradigma aldatzea jarri dute erronkatzat; hau da, «oso eskuzkoa eta analogikoa den sistematik, datuak atzitzeko eta planifikazio digitaleko sistema batera pasatzea».
«Kimika berdea»
Basotek I+G+Bko diziplina asko batzen dituen partzuergoa da, basogintza eta eraikuntzaren inguruan ikertzaile diren zentro teknologikoek osatzen dutena. EAEko egurraren eta basoaren balio katea osatzen duten eragile nagusiak ere bertara bildu direla jakinarazi zuen Basotekek.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lurrazalaren %54 hartzen dute zuhaitzek. Europar Batasuneko portzentajerik altuenetako bat da. Egurraren sektorea barne produktu gordinaren %1,5 da eta kalkulatzen da 18.000 pertsona ingururi ematen diola lana.
Basoko bioekonomia bultzatzeko estrategiaren baitan kokatuta dago, beraz, Biotek eta bat egiten du Lakuako Gobernuaren erronkekin, «basoaren sektorean berrikuntza sustatzeko». Partzuergotik, ezarritako lan ildoari jarraiki eta eraikuntzan egurra erabiltzea helburu hartuta, tresnak, baliabideak eta proiektuak garatzea bultzatzen dute, «sustapen publikoko zein pribatuko etxebizitzetan».
Material berrien erabilerari dagokionez, zerrautsaren erabilera sustatu nahi dute, «isolatzaile natural moduan» erabiltzeko intentzioarekin. Gutxiago kutsatzen duten eta jasangarriagoak diren pinturak lortzearekin lanketa bat egiten ere badabil Basotek: «Azken helburua da kimika berdea delakoari erantzutea».
Landareen osasuna landuz, hobekuntza genetikoa lortu, egurraren kalitatea handitu eta espezie berriak bilatzea ere badute xede. Konpost eta bioikatz bidezko nutrizioaren bitartez ari dira dagoeneko probak egiten, beraien laugarren ildoa den egur baliabideak izatea segurtatzeko asmoz.