Andres OSA «SAKONA»
Aizkora

Vicentek eta Saralegik finalerako txartela eskuratu dute

Atzo jokatu zen Oñatin Urrezko Aizkora Txapelketaren sailkapeneko azken ekitaldia, eta bertan, Iker Vicente eta Ruben Saralegi Xabier Orbegozo Arria V.aren eta Jon Rekondoren aurka gailendu ziren. Azpeitian jokatuko den finalean, aipatu bikotea Aitzol Atutxa-Julen Alberdi eta Mikel Larrañaga-Eneko Otaño bikoteekin arituko da.

Emakumeen Urrezko Txapelketan Irati Astondoak finalerako txartela lortu zuen, Itxaso Onsalo mendean hartu zuelarik. Finala Irati Astondoak, Maika Ariztegik eta Nerea Sorondok jokatuko dute.

Harri-jasotze Txapelketan, Xabier Aranburu Guzta izan da finalerako pasea jaso zuena, 2.625 kilo leporatuaz. Azpeitiko finalean lagun eta aurkari izango ditu Jon Unanue Goenatxo III.a eta Aimar Galarraga.

Sokatira

Euskal Herri mailako sokatira txapelketa azkenera heltzear dago. Larunbatean Berrizen jokatu ziren bi ekitaldi. Batetik, 600 kilokoan gizonezkoen bigarren jardunaldia, eta Lesakako Beti-Gazte izan zen onena, 7 puntu lortuta; ondoren, Ñapurrak (6 puntu), Gaztedi (4,5), Murueta (4,5), Ibarra (3), Berriozar (2) eta Antsoain (1). Azken jardunaldia heldu den larunbatean jokatuko dute Txurdinagan, Bilbon.

Bestetik, emakumeek 500 kilokoan lehen jardunaldia zuten. Gaztedi izan zen onena (6 puntu). Jarraian, Badaiotz (5). Txantrea (4), Beti-Gazte (3), Ibarra (2) eta Antsoain (1).

Ispasterren zaldi probak ari dira jokatzen. Oraingoz, aurrena Juan Uriarteren abereak egindako marka dago (73 untze, 1/4 eta 4 m). Gaur, 21.00etan, parte hartuko dute Torrrontegi Eraikuntza, Koba eta Fermin Santamariaren zaldiek.