GARA
BILBO

II. Dialektologia Biltzarra izango da martxoan, Bilbon

Euskaltzaindiak mendeurrenaren baitan antolatu duen bosgarren jardunaldi akademikoa martxoaren 14an eta 15ean izango da, Bilboko Euskal Museoan: II. Nazioarteko Dialektologia Biltzarra. Bertan, euskararen berba-mintzoak aztertuko dira, eta, bide batez, dialektologiaren alorrean nazioartean egin diren azken ikerketak agertuko dira.

Hiru helburu nagusi ditu biltzarrak: gaur egun nazioartean dauden dialektologia alorreko ikerketa eta egitasmoak ezagutu, eta horien nondik norakoen berri izatea; dialektologiak etorkizunean Euskaltzaindian izan ditzakeen ikerketa ildoak zehazteko hausnarketa lagungarriak geureganatzea; eta hizkuntza atlasen corpusek izan dezaketen etorkizunaz eta erabilgarritasunaz hausnarketa egitea.

Biltzarra dela eta, Euskararen Herri Hizkeren Atlasean oinarritutako “Euskara ibiltaria” erakusketa berritu dute, eta hori Euskal Museoan izango da ikusgai martxoak 13tik aurrera.