Maria del Rio
Zuzenbidean doktorea
JO PUNTUA

Bizitzak erdigunera!

Zutabe hau argitaratu orduko greban egongo naiz; Euskal Herriko Mugimendu Feministak Emakumeen Nazioarteko Egunerako deitutako lanuztearekin bat egingo baitut. Hortaz, gaurkoan ez naiz lantokira joango, zaintzeari utziko diot, amantala balkoian eskegiko dut, ez dut kontsumituko, eta besoko morea zein txapa jarrita mobilizazioetan parte hartuko dut. Gaurko greban parte hartzeko bideak askotarikoak dira, emakumeok askotarikoak garelako, eta greba feminista bizitzako esparru guztietan kokatzen delako. Greba egiteko arrazoiak ere askotarikoak dira, baina aurtengo ardatza bizitzak erdigunean kokatzea da, horrek zaintzaren berrantolaketa soziala eskatzen duela.

Iazkoa historikoa izan zela dudagabekoa da; egun benetan hunkigarria. Lortutakoagatik alaitasuna sumatzen zen; eta oraindik dugun egoeragatik, haserrea. Jai giroa izan zen nagusi, baina dena aldarrikapenez jantzita. Gutxik espero zezaketen 2018ko M8an lortu zena: milaka emakumek kaleak hartu zituzten aurreikuspen guztiak gaindituz. Jakina da mugimendu feministak hamarkadetan egindako lanaren ondorioa izan zela, ez zen egun batetik besterako kontua izan. Hori bai, antolaketa zabal eta deszentralizatu bati esker asko izan ziren lehenengo aldiz hurbildu eta protagonista sentitu zirenak; esaterako, ikasleak eta zaintza lanetan zihardutenak. Funtsezkoena da horretarako ez zela beharrezkoa izan diskurtsoa biguntzea, betiko mezu erradikala eta eraldatzailea erabili zen, edukiz hustu gabe.

Aurten zalantza gutxiago eta gogo handiagoa dagoela antzeman daiteke. Lortu egin da feminismoa agenda politikoan eta mediatikoan kokatzea, eta gehitu ziren askok militatzen eta ikasten jarraitu dute. Zoritxarrez, kontrako erreakzioak ere indartu dira. Horregatik ere, garrantzi handia du atzera egiteko ekimenei modu antolatu baten erantzuten jakiteak. Aurten beste berezitasun bat dago: hauteskunde urtea da. Beraz, argazki eta deklarazio hutsak ez dira onartuko, konpromiso irmoak hartzeko unea da eraldaketa feministan sakontzeko bidean.