Konplizitatea, zirrara, harrotasuna
Datorren urteko Martxoaren 8an sakelako telefonoa eskuan eramango dut etengabe, pankartei argazkiak ateratzeko eta nire etxerako poster feminista koloretsu, aldarrikatzaile eta alaia egiteko: “Ez gara histerikoak, historikoak baizik”; “Euskalduna eta feminista, bi aldiz errebeldea”; “Andreok Nokia 1100 bat baino gogorragoak gara”; “Zuen matxismoak ‘patriarkadak’ eragiten dizkigu”... eta besteren bat, zeina uste dudan ezingo litzatekeela egunkari batean argitara eman, politikari jakin baten (sasi)ohorea urratuko lukeelakoan, baina niri neuri algara sano itzela eragin zidana.
Horixe geratuko zait gogoan, batez ere, aurtengo Martxoaren 8tik: iluntzeko manifestazioaren aurreko orduetan, Bilboko Areatzako arkupeak neska gazte-gaztez beteta, lurrean eserita, nor bere pankarta egiten supermerkaturen bateko atetik hartutako kartoizko kutxa deseginetan. Inprobisatzen guztiak, ardura helduaz: «Zuk zer jarriko duzu?», «Nola esaten da euskaraz hau, gaztelaniaz bezala?», «Makarregia iruditzen zaizue esaldi hau?», «Nork marrazten du ondo?»... Denak jo eta ke borroka feministan historia egiten jarraitzeko bat eginda, denak parte- eta esku-hartzaile, denak kalean oihuka ibiltzeko ordua iristeko irrikan, denak alaitsu, gogotsu. Baziren mutilak haiekin, ideiak ematen, laguntzen, bazkari-hondarrak jaso bitartean, erabateko konplizitatea airean. Hunkitu egin ninduen irudiak, barreneraino, pentsatzen hasita ni gaztetxoa nintzenean ikastolako hiruzpalau lagun baino ez ginela elkartzen Martxoaren 8rako, eta horietatik bat edo bi ez oso konbentzituta, gainera. Gaur, ordea, mugimendu feministan parte hartzea, feministatzat joa izatea, ezezagun-mota ororekin kaleak hartzea eta morez janztea, ikur eta pankarta argi eta garbi feministak soinean eramatea… beste historia bat da, historia askoz zabal, indartsu eta harroagoa, eta garrantzitsuena: geldiezina, Euskal Herrian zein mundu osoan.
Geurea sendotzen eta finkatzen ari garen honetan, baina, aurrera garamatzan olatu honetan, ez dezagun begien bistatik gal erabateko eta benetako berdintasuna irabazteko funtsezko osagai bat: maskulinitate (ere) erabat bestelakoa, errotik eta betiko. Areatzako mutiko horiek eta eurak bezalakoak, hazi ahala, ez daitezen desbidera, konplizitateak gurekin, beren artean eta besteekin garatuz bizi daitezen, harik eta gurea nahiz haiena dena bat izan arte: pertsonak, bizitza eta denon giza eskubideak erdigunean! Bestela, jai dugu, eta ez Martxoaren 8ko festa polita, preseski.